Hemen be bai elkartearen zozketako saridunek datorren astean jaso behar dute saria
Urtarrilaren 20tik 22ra joan beharko dira Markina-Xemeingo Mapfrera saria jasotzera. Elkarteko edozein komertziotan gastatu ahalko dituzte bonuak.
Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatari elkarteak antolatutako Gabonetako zozketako zenbaki sarituak dituztenek urtarrilaren 20tik 22ra jaso behar dituzte sariak Markina-Xemeingo Mapfren. Elkarteak urtarrilaren 5ean egin zuen zozketa, eta zenbaki sarituak ondorengoak izan dira:
- 500 euroko saria: 15928 (ordezkoa, 13483)
- 250 euroko saria: 14112 (ordezkoa, 20366)
- 150 euroko saria: 4952 (ordezkoa, 16820)
- 100 euroko saria: 4279 (ordezkoa, 4330)
Irabazleak agertuko ez balira ordezkoek urtarrilaren 25etik 27ra joan beharko dute Mapfrera saria jasotzera. Alperrik joan beharrik ez izateko, irabazleak agertu diren edo ez data horren aurretik jakinaraziko dutela azaldu dute Hemen be bai elkartekoek.
Bonuak elkarteko edozein komertziotan gastatu ahalko dituzte sarituek, gainera, guztia toki baten barik gehiagotan ere gastatu dezaketela argitu dute. “Egindako gastua gehitzen joango da sariaren zenbatekoa osatu arte”. Epe bat edukiko dute, baina, saria gastatzeko: urtarrilaren 27tik otsailaren 3ra.
Guztira, 43 merkatari eta ostalari daude, une honetan, Hemen be bai elkartean, baina elkartekide berriak sartzeko aukera zabalik dagoela jakitera eman dute. Horretarako Mapfre edo SK8ra jo dezakete interesdunek. Apurka-apurka elkartea indarra hartzen ari dela azaldu dute, eta pandemiaren eraginez establezimendu gehiagok egin dutela bat elkartegaz. “Pandemia dela eta informazioa partekatzen eta ekintza ezberdinak antolatzen ibili gara, eta jende gehiago batu da elkartera”.