Lea-Artibaiko egoitzetan ere hasi dira COVID-19aren aurkako txertoak jartzen
Markina-Xemeingo San Roken, Munitibarko Oizpen eta Lekeitioko Uribarren Abaroan hasi dira gaur txertoak jartzen. Azken orduetan 10 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 5 Markina-Xemeinen, 2 Mutrikun eta bana Lekeition, Munitibarren eta Ziortza-Bolibarren. Mutriku gune horitik laranjara pasatu da.
Markina-Xemeingo eta Lekeitioko udal ordezkariek jakinarazi dutenez, San Roke eta Uribarren Abaroa egoitzetan gaur [urtarrilak 13] hasi dira COVID-19aren aurkako txertoak jartzen, baita Munitibarko Oizpe egoitzan ere. HITZAk jakin ahal duenera arte, eskualde mailan txertoa jaso duten lehendabiziko egoiliarrak dira hiru herri horietakoak.
Markina-Xemeingo Udalak esan duenez, gaur San Rokeko egoiliar guztiei (36) ipiniko diete txertoaren lehen dosia. Langileei, baina, txandaka ipiniko diote; gaur, urtarrilaren 20an eta 27an egingo diote txertaketa langileei. Gaur txertoa ipini dioten langileen artean dago Larraitz Zialtzeta egoitzako eta Markina-Xemeingo osasun zentroko medikua –beheko argazkian–. Oizpen eta Uribarren Abaroan ere egoiliar guztiei ipini diete txertoaren lehen dosia, eta langileei txandaka ipiniko diete, gaur hasita.
Mutrikukoak, lehendabizikoak. Mutrikuko Mikel Deuna egoitzakoek jakinarazi dutenez, urtarrilaren 4an jaso zuten COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosia, egoiliarrek eta langileek. Eta urtarrilaren 25ean bigarren dosia jasoko dutela baieztatu dute.
Egoera epidemiologikoa. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako gaurko [urtarrilak 13] txosten epidemiologikoaren arabera, azken orduetan 10 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 5 Markina-Xemeinen, 2 Mutrikun eta bana Lekeition, Munitibarren eta Ziortza-Bolibarren. Eta azken orduetan Mutrikun erregistratutako kasu berriak direla eta, Mutriku gune horian egotetik gune laranjan egotera pasa da; 24 ordutan 263,46ko intzidentzia tasa edukitzetik 301,09koa edukitzera pasa da.
Ondarroan ezik, 5.000 biztanle baino gehigo dituzte gainerako herrietako intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du. Eta Lekeitiok, Markina-Xemeinek eta Ispasterrek gune gorrian egoten jarraitzen dute. Azken txostenaren arabera, Lekeitiok 774,87ko tasa dauka, eta Markina-Xemeinek 696,52koa. Ispasterko tasa biharko txostenean argitaratuko dute. Izan ere, 5.000 biztanletik beherako herrietako tasak astelehen eta eguenetan eguneratzen dituzte.