Urrezko Harrijasotzaile Txapelketaren finalerdietako txartela eskuratu du Urruzunok
70 jasoaldi eginda, sailkapen faseko bigarren jardunaldiko onena izan da ondarrutarra. Finalaurrekoa otsailean jokatuko du oraindik zehazteke dagoen egunean eta tokian, C taldeko bigarrenaren eta A taldeko hirugarrenaren aurka.
Asteburuan Ribabellosan egindako lan onari esker, Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak 2021 Urrezko Harrijasotzaile Txapelketaren hurrengo fasera igarotzea lortu du. 70 jasoaldi eginda, Gorozikakoa bigarren jardunaldiko onena izan zen. 34 bidar jaso zuen 100 kiloko kopa, 16 bidar 100 kiloko kubikoa eta 20 bidar 100 kiloko bola. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a 66 jasoaldigaz (24+19+18), Jon Gisasola Zelai V.a 63 jasoaldigaz (29+15+19) eta IƱigo Eizagirre Eiza 58 jasoaldigaz (27+15+16).
Sailkapen fasean egindako lanagaz pozik agertu da. “Finalaurrekotarako txartela lortuta pozik nago”. Ohi modura, zozketak erabaki zuen harrijasotzaileek lanak egin beharreko txanda. Urruzunori hirugarren txandan aritzea egokitu zitzaion, eta modu horretara, aurreko bi aurkarien erreferentziak jakinda ekin zion lanari. “Kopagaz aurkariei abantaila atera, eta abaintaila horri eustea izan zen nire estrategia”.
Ribabellosan nagusitu ostean, B taldeko buru modura jokatuko du finalaurrekoa Urruzunok. C taldeko bigarrenaren eta A taldeko hirugarrenaren aurka neurtu beharko ditu indarrak. “Oraindik ez digute eguna eta tokia zehaztu, baina norgehiagoka otsailaren lehen astean izango dela uste dut”. Eta finalaurrekoan lan ona eginda, otsailaren 27an edo martxoaren 7an Azpeitiko Izarraitz frontoian jokatuko den finalean sartzeko helburua jarrita duela iragarri du. “Helburua finalean sartzea da, dudarik barik, baina lehenengo finalerdia jokatu beharko da. Aurkariak ere ondo ikusten ditut, denok gabiltza antzera; txapelketa irabazteko faboritoa Mikel Lopetegi Urra dela esago nuke”.
Txapelketa aurten, gainera, bestelako harriekin ari dira jokatzen; zortzi arroako (100 kilo) hiru harrigaz jokatzea erabaki du antolakuntzak. “Aldaketa horrek ez du eraginik guretzako. Urtero harri desberdinak aukeratzen dira, eta aurten horiek aukeratu dituzte. Txapelketa guztia hiru harri horiekin jokatuko dugu. Pisu bereko harriak badira ere, bakoitzak bere teknika eskatzen du”.
2021 Urrezko Harrijasotzaile Txapelketari dagokionez, hamar harrijasotzaile ari dira parte hartzen norgehiagokan. Hiru fasetan banatuta ari dira jokatzen, denak ere jardunaldi bakarrera: sailkapen fasea, finalerdia eta finala.