Zuhaitz berriak landatu dituzte Ondarroako Errebala Txikiñeko berdegunean
Alamedan dauden moduko zortzi platanondo gazte landatu dituzte. Berdegunean ziburuak ere ipiniko dituzte; astelehenean hasiko dira kautxo geruza botatzen.
Errebala Txikiñeko berdegunean onddo baten ondorioz gaixotuta zeuden sasiakaziak (robinia pseudoacacia) moztu egin zituzten abenduaren amaieran, eta gaur [urtarrilak 13] haien tokia beteko duten beste batzuk landatu dituzte udal brigako langileek. Alamedan dauden moduko Platanus hispanica espezieko zortzi platanondo gazte landatu dituzte. “Parkeetan ipini ohi diren zuhaitzak dira. Zuhaitz gogorrak dira. Bereziki, uda sasoian itzala ematen dutelako eta CO2 hartzeko gaitasun handia dutelako aukeratu dugu zuhaitz espezie hori”.
Ondarroako Udalak umeen jolasleku berria egiteko asmoa du gunean, eta gaur landatu dituzten zuhaitz berriak egonkortzen direnean, eremua prestatzen hasiko direla esan dute. Zehaztu dutenez, eta betiere eguraldiak laguntzen baldin badu, astelehenean [urtarrilak 18] ziburuak joango diren eremuan kautxo geruza botatzen hasiko dira. “Kautxo geruza botatzeko beharrezkoa da lurra siku egotea”. Urtarrila amaitu baino lehen ziburuen egitura ekarri eta muntaketa lanekin hasiko dira.