Arantza Bengoetxea: "Erasotzaileen jokaerak errepikatuta, erasotzaile bihurtzen dira ume batzuk"
Urte asko daramatza Bengoetxeak indarkeria matxista jasaten duten emakumeei aholkularitza juridikoa ematen. Familia aholkularitza zerbitzuan dihardu Lea-Artibaiko bi mankomunitateetan.
Familia aholkularitzan zerbitzu juridikoa ematen duzu Lea-Artibaiko bi mankomunitateetan. Indarkeria jasaten duten emakumeek zuregana jotzen al dute?
Ez dira zuzenean gugana etortzen. Gizarte zerbitzuetara ez dira etortzen momentu konkretu batean bikoteak edo bikotekide ohiak jipoitu dituelako. Normalean, ez dira etortzen zuzenean gai honi buruz berba egiten, banandu nahi dutela esaten dute, adibidez. Baina berbetan hasten direnean konturatzen zara tratu txarrak jasotzen ari direla; agian, ez fisikoak, gehienbat psikologikoak izaten dira. Zerbitzu sozialetan kasu larri-larriak ez dira ikusten normalean. Baina badaude. Indarkeria fisikoa jasan eta beldur direnak zuzenean poliziarengana joaten dira; eta gero datoz zerbitzu sozialetara. Guk anbulategira edo Ertzaintzara joan eta salaketa jartzen dutelako jakiten ditugu, ertzainek bideratzen dituzte guregana. Ertzainek arriskuaren balorazioa egin, eta horren arabera prebentzio neurri gehiago edo gutxiago jartzen dizkiete biktimei.
Zuengana heltzean zer izaten da lehendabizi egiten duzuena?
Gizarte langileak momentu horretan dituzten beharrizanak asetzen laguntzen die. Gizarte zerbitzuetara egoera konplikatuak bizi dituztenak etortzen zaizkigu. Normalean tratu txar psikologikoaren egoera jasaten ari dira. Indarkeria psikologiko hori epaitegi batean frogatzea ez da erraza. Horrelakoetan, ez diet aholkatzen zuzenean salaketa ipintzen joatea, horientzat salaketa jartzearen prozesua oso bide latza delako. Gure apustua da lehenengo Zutitura joan daitezela, eta psikologoagaz egotea, eta gero erabakitzea salaketa ipini edo ez.
Bengoetxea: “Biktimentzako babes psikologiko eta emozional gehiago faltan botatzen dut”
Zer da Zutitu?
Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzako arreta psikologikoa eskaintzeko aldundiak azpikontratatuta daukan zerbitzua da. Zutituko psikologoa astero etortzen da Lea-Artibaira. Emakumeak beragaz lan eginda ahaldundu egiten dira. Zelan dauden, zelan sentitzen diren hausnartzen dute. Aurrerapausoa emateko behar duten indarra edukitzen laguntzen die. Gero, batzuk gugana bueltatzen dira banatu nahi dutelako, eta prozesu horretan laguntzen diegu. Zutituko psikologoak Bizkaiko eskualde guztietara joaten dira. Lehenago Bilbora joan behar izaten ziren emakumeak, goiz guztia galduz, eta eskualdeetara ekartzea lortu genuen. Gogoratzen naiz hori eskatu genuenean esan zigutela kasurik ez zegoela. Eta guk esan genien zerbitzua ekartzeko eskualdeetara, eta ikusteko kasuak zeuden edo ez. Hasieran astean bi egunetan etortzen zen psikologoa eskualdera, eta orain lautan.
Zuen egunerokotasunean zer da antzematen duzuena?
Pertsona bat bere istorioa kontatzen etortzen da nigana: ez dagoela ondo, edo banatu nahi duela… Daukadan esperientziagatik, antzeman dezaket horren atzean egon litekeela tratu txar psikologikoa. Ez naiz psikologoa, baina ikusten dut emakume moduan jasan behar ez dituen gauza batzuk jasaten ari dela, txarto tratatzen duen gizonezko bategaz dagoela; gutxika-gutxika bera txikitzen doan pertsona bategaz dagoela. Egunero irain eta umiliazio batzuk jasaten ari dela ikusten dut. Askok kontatzen digute medikuarengana doazela, antsietatea daukatela, lo egiteko arazoak dituztela eta pilulak hartzen dituztela… Ez dute argi zer egin, eta nik aholkuak ematen dizkiet.
“Gaur egun epaitegietan askoz ere kontzientziatuago daude”
Zelan laguntzen diezue?
Mankomunitateetan gizarte langileak daude, aholkularitza juridikoa eta Zutituren zerbitzua. Gizarte zerbitzuetan banaketa prozesuan aurrera egiten laguntzen zaie. Laguntza integrala ematen diegu. Eurekin dena aztertzen dugu: nora joango diren bizitzera, ze diru laguntza edukiko duten, lanean non ari diren, seme-alaben egoera… Eta salaketa ipintzeko behar duten aholkularitza ere ematen diegu.
Urruntze-agindua eskatzen ere laguntzen diezue?
Jakin behar dute epaitegiko bidea ez dela hain erraza. Indarkeria psikologikoa ematen da asko, eta ez da ikusten. Epaitegietan frogak behar dira, eta horiek frogatzea oso zaila da. Lesio partea edukita bide judiziala errazagoa da. Froga zehatz bat daukazu tratu txar fisiko hori jasan duzula adierazten duena. Hori ez badaukazu, bi bertsio daude, eta epaileak erabakitzen du nori sinistu. Hori da gure egunerokotasuna epaitegietan, eta horregatik, batzuetan, urruntze-aginduak ematen dituzte eta beste batzuetan ez. Lesio fisikoagaz etortzean berehala esaten diegu salaketa jartzeko. Askotan entzuten da eta askok uste dute salaketa jarrita urruntze-agindua ematen dutela. Hori ez da horrela, ez dute beti ematen. Salaketa ipintzea bada oso garrantzitsua, baina guk aurrean daukagu emakumeen eskaerak entzun behar ditugu, zer nahi duen, eta horren arabera, kasu bakoitza aztertuta, aholkuak eta laguntza eman. Gainera, askotan, emakumeek ez dute oso argi salaketa ipini edo ez, eta banatu edo ez.
“Salaketan ipintzen da pisu guztia, baina beste gauza asko landu behar dira”
Mankomunitateetako lanaz gain, biktimekin harreman zuzena izaten duzu komisaldegietan. Zein da zure zeregina?
Abokatuen elkargoak genero indarkeria eta familia barruko edo etxeko indarkeria kasuez arduratzeko txanda berezia dauka, eta sexu abusuak jasaten dituztenentzako ere bada. Txanda horretan gauden abokatuok guardiak egiten ditugu. Emakume bat komisaldegira doanean, guardiako abokatuari deitzen diote, eta aholkularitza juridikoa ematen dugu. Hau da, informazio dena azaltzen dugu: zelakoa izango den prozesu judiziala, ze aukera dituen, ze eskatu ahal duen… Gero, gizarte zerbitzuetara bideratzen ditugu diru laguntzak eskatzeko. Diru laguntza bereziak daude indarkeria jasaten duten emakumeentzat, bai Eusko Jaurlaritzarenak eta baita ere Espainiako Gobernuak ematen dituenak.
Diru laguntza horiek nahikoak al dira?
Horiek behintzat arnasa hartzeko eta epe txiki batean euren bizitzagaz aurrera egiteko balio dute. Baina ez diete bizitza konpontzen. Lanik barik bazaude edo diru sarrera urriak badituzu, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentagaz osatu dezakezu, Lanbideren bitartez. Dirua ez da lortzen berehala, baina lortzen da.
Indarkeria jasaten duten emakumeentzako ofiziozko abokatuen txanda berezi hori noiztik dago?
2003tik eskaintzen da zerbitzua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Txanda berezi hori erakundeen arteko akordio bati esker dago. Abokatuen elkargoak emandako formakuntza berezia daukagu txanda horretan gaudenok. Ofiziozko abokatuak gara, baina kasu zehatz horietarako. Deitzen digutenean komisaldera joan eta bertan atenditzen dugu biktima, eta beragaz egoten gara epaitegian ere. Aholkularitza guztia ematen diogu, penala zein zibila, eta dena da doakoa. Dibortziatu gura badu, horretan ere laguntzen diogu. Prozedura zibila eta penala abokatu berak eroateko da, biktimak bere istorioa kontatu beharra ez errepikatzeko. Baina ez da derrigorrezkoa. Gertatzen da biktimak konfiantzazko abokatu bat edukitzea eta beragaz aritu gura izatea. Gehiengoa ofiziozkoekin egoten da.
Urruntze-agindua badago, gizonezkoak etxetik irten behar du. Baina agindu hori lortu ez eta biktimak bere etxera bueltatu gura ez badu, ze aukera ditu?
Indarkeria jasan duten emakumeak bakarrik bizitzeko ez dago etxebizitzarik eskualdean. Lea-Artibai Amankomunazgoak badauka pisu bat, abegi-etxe bat, baina egoera puntual baterako da, eta ez da asko erabiltzen. Epe jakin batean egoteko da. Bere etxera bueltatu arte edo beste bat topatu arte behar duen denborarako da. Aldundiak pisu berezi batzuk ditu Bizkaian, tutoretzapekoak, familia bat baino gehiago daudenak. Horietan daude gizarte langileak, hezitzaileak… emakume horiei eta euren familiei laguntza oso integrala emateko. Bertara doazenak egoera oso larrian daudenak dira. Larrialdi egoeretarako, berriz, aldundiaren aterpetxea dago. Emakumea komisaldegira badoa, eta ezin badu bere etxera bueltatu arriskua dagoelako, ertzainek aterpetxera laguntzen diote. Aldundiak kasua hartuz gero, berak dituen babestutako etxebizitzara bideratuko dute.
Babestutako etxebizitzetara joatearen pausoa askok ematen dute?
Arrisku handia daukatenak edota oso beldurtuta daudenak joaten dira. 20 urtean hemendik joandako hiru bat kasu ezagutu ditut. Ez da erraza. Eskualdean ikusi dudanagatik, normalean, biktimak ez du bere ingurutik, herritik irten nahi, seme-alabek berton ikasten dutelako eta berton bizi nahi dutelako. Logikoa den moduan, ez dute utzi nahi bertoko bizitza, hemen dute babes soziala edota familia. Ulergarria da. Horregatik, eskualdeko jende oso gutxi joaten da aldundiak eskaintzen dituen pisuetara. Larrialdi egoeratan aterpetxera bai joaten dira; gau bat edo bi edo astebete egin eta gero hona bueltatzen dira. Urruntze-agindua badago, euren etxeetara bueltatzen dira. Ez badago, denon artean saiatzen gara pisu bat topatzen. Ez daude berehala sartzeko pisu sozialak. Ez daude alokairu sozialeko etxebizitzak indarkeria jasaten duten emakumeentzat. Emakume bat banatzen denean eta indarkeria jasan badu, ez da erraza etxebizitza bat lortzea.
Psikologoen lanaren garrantzia azpimarratu duzu, eta baita hezitzaileena ere. Seme-alaben arreta ere funtsezkoa da.
Hezitzaileek asko laguntzen dute. Seme-alabek indarkeria bizi eta jasaten dute etxeetan, eta horientzat Eise barruan dauden hezitzaileen laguntza eskaintzen du aldundiak. Izan ere, frogatuta dago ume batzuek jarrera edo jokaera horiek errepikatzen dituztela, eta euren amen erasotzaile bihurtzen direla.
20 urtetik gora daramatzazu mankomunitateetan lanean. Aurrerapenik ikusi duzu?
1998an hasi nintzen hemen lanean, eta igarri dut aldaketa. Orain dela 20 urte dena ikusten genuen, eta bazirudien tratu txarrak ez zirela existitzen. Esaterako, ez zegoen abokatuon txanda berezi hori. Gai honi buruzko aldaketa legala eta kontzientzia soziala gehiago egoteak eta komunikabideetan agertzeak eragin zuen. 1997ko Ana Orentesen agerraldia abiapuntua edo inflexio puntua izan zela esaten da. Telebistan kontatu zuen tratu txarrak jasaten zituela, eta handik bi egunera, bere gizonak erre egin zuen etxean. Aldaketa soziala hor hasi zen. 2003an sortu ziren babes agindua eta erakundeen arteko protokoloa. Gizartean gaia azaleratu, eta talde feministak eta beste hainbat eskariak egiten hasi ziren. Lehenengo legea 2004koa da, eta horregaz gaude. Berrikuntzak egiten dira, eta noizbehinka zer edo zer aldatzen da. Komunikabideetan gehiago agertzean, presioa areagotu zen, eta legeak aldatzen hasi ziren. Kode penala eta artikuluak aldatu ziren, eta emakumeenganako indarkeriaren epaitegiak sortu ziren. Gernikan daukagu bat. Gaur egun epaitegietan askoz ere kontzientziatuago daude. Epaileak ere pertsonak dira, erabaki gogorrak hartu behar dituzte, eta beti ez dute asmatzen. Printzipioz, legalki ez dut hutsunerik ikusten.
Badago koordinazio nahikoa?
Bai badago. Elkarlana dago langileen artean; nik neuk abokatuekin, epaitegietakoekin, gizarte langileekin eta psikologikoekin berba egiten dut. Erakundeen artean ere badago koordinazio hori.
Ze hutsune edo gabezia ikusten dituzu?
Orokorrean, biktimentzat babes psikologiko eta emozional gehiago botatzen dut faltan. Esaterako, abokatuok beti diogu txanda berezi horretan gugaz egon beharko litzatekeela psikologo bat. Lehen une horietan beharrezkoa da. Andre horiei entzuteko, laguntzeko. Guk egiten dugu hori, baina ez gaude horretarako prestatuta. Ez dituzte gauzak argi izaten. Eman duten pauso horregaz ikaratuta egoten dira; bere seme-alaben aita da, eta urruntze-agindua eskatu du. Batzuetan salaketa ipini eta astebetera kendu egin nahi dute, eta horrek ez du esan nahi salaketa faltsua denik eta tratu txarrik egon ez denik. Epaitegira joan, eta han pila bat ordu egon behar dira. Epaitegia oso arrotza da. Gai penalean, epaitegietan ipini da ahalegin guztia, eta hori ez da landu behar den gauza bakarra. Egoerak banan-bana aztertu egin behar dira, prozesua neurrira egin behar da, pertsonalizatuago: zer behar duzu, zer nahi duzu, salaketa orain ipini nahi duzu edo beranduago, zer egingo duzu, badaukazu nora joan, etxean geratu gura duzu edo ez, seme-alabekin zer egin… Salaketan ipintzen da pisu guztia, baina landu behar diren beste gauza asko daude. Gizarte matxista da erroa, hor dago oinarria.
Erakundeetan eskaintzen dituzuen zerbitzuak eta dituzuen baliabideak jendeak ezagutzen al ditu?
Honi buruz egin izan dira kanpainak eskualdean, baina jende askok ez dakizki gai honen gainean ditugun zerbitzuak. Adibidez, konturatu naiz jende askok ez dakiela laguntza psikologiko hori dagoela Lea-Artibain. Gizarte langileak daudela badakite, baina askok uste dute pobreentzat edo bestelako beharrizanak dituztenei laguntzeko direla.