Aurten 263.000 euro edukiko dituzte Etxebarrian inbertsioetarako
Guztira, 1,2 milio euroko aurrekontua onartu dute. Iaz baino 50.000 euro gutxiago izango dituzte. Udaleko alderdi bien aldeko botoa eduki du aurrekontuak, eta baiezkoaren arrazoiak azaldu ditu EH Bilduk.
Guztira, 1.226.182 euroko aurrekontua edukiko dute aurten Etxebarrian. Inoizko aurrekonturik handiena eduki zuten iaz (1.276.605 eurokoa izan zen 2020ko aurrekontua), eta aurten, 50.000 euro gutxiago izango dituzte (%3,7).
Aurrekontua Udal Gobernua osatzen duten EAJko zinegotzien eta EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu da, eta EH Bilduk egindako ekarpenak aurrera eramateko konpromisoa hartu du udal gobernu batzordeak. «Eskertzen diogu EH Bilduri aurrekontuak euren aldeko botoagaz aurrera eraman ahal izatea», esan du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Udal administrazioa indartu egingo dute aurten, eta beraz, kapitulu horretako gastuak handitu egin direla jakitera eman du alkateak. Hain zuzen ere, langileria gastua 423.700 eurokoa izango da aurten (iaz 367.000 eurokoa izan zen). Inbertsioetarako, berriz, 263.182,75 euro edukiko dituzte.
Inbertsioen ataleko kopuru bat eskola berriaren proiektura bideratuko dute. 9.500 euroko diru saila gorde dute eskola gunera zerbitzuak eramateko. Horrez gain, 2020. urteko aurrekontua ixterakoan 2021. ekitaldiko aurrekontua indartzeko konpromisoa ere hartu du udalak. «Geldikinetik beste 50.000 euro eskola gunearen proiektura bideratuko ditugu eta beste 50.000 frontoia berotzeko sistema bat ezartzeko». Frontoiari dagokionez, proiektuaren hirugarren fasea eramango dute aurten aurrera. Berotze sistema bat ezarriko dute, eta 10.000 euro dituzte horretarako, gero geldikinagaz osatuko dutena.
Splash parkea egingo dute aurten, orain hasi eta maiatzean amaitzea dute asmoa
Horrez gain, baserri bideak konpontzeko 80.000 euro edukiko dituzte, eta baserrietara ur hornidura eramateko 45.000 euro. Splash parkearen bigarren fasea aurrera eramateko, ostera, 80.000 euro gorde dituzte. «Aurten egingo da proiektu osoa, orain hasi eta gutxi gora behera maiatzera arte».
Haurreskolan ere konponketa batzuk egingo dituzte, eta udaletxe barruan ere berregituraketak egingo dituzte (6.000 euro). HAPOren baitan eragin akustikoaren azterketa egiteko 13.000 euro izango dituzte. «Diru laguntza bat ere lortu dugu proiektu hori egiteko».
Etxebarriko proiektu berrien artean dago, bai eta ere Berdintasun Plana, eta urte honetan 6.000 euroko diru saila jartzea erabaki dute plana gauzatzen joateko.
Baiezkoaren arrazoiak. Udal aurrekontuei baiezkoa emateko arrazoiak azaldu ditu EH Bilduk. Esan dutenez, eskola berriak lehentasuna izaten jarraitzen du EH Bildurentzat, eta 2020rako aurreikusitako lanak guztiz amaitu ez badira ere, etenik barik aurrera egiten jarraitzea beharrezkoa dela uste dute.
Udalean onartu den Berdintasun Plana martxan jartzea eta daukan garrantzia ematea ezinbestekoa dela ere gaineratu dute: «Udal zein herri parekideago baterako bidean bide luzea dugu egiteke».
EH Bilduk luzatutako proposamen batzuk aurrera eramateko konpromisoa hartu du udal gobernu batzordeak
EH Bilduk luzatutako proposamen batzuk aurrera eramateko konpromisoa ere hartu du udal gobernu batzordeak. 12-16 urte bitartekoei begirako aisialdi proiektu bat egitea eta herriko gune ezberdinetan birziklatzea ahalbidetzen duten zakarrontziak jartzea. Horrez gain, igogailuak jartzerakoan edota katastrofe natural baten ondorioz izandako kalteak konpontzeko obretan ordaindu beharreko tasetan hobariak eskaintzea. «Eta eskolaz kanpoko ekintzen jarraipena egitea eta hobekuntzak txertatzen joatea ere beharrezkoa dela uste dugu, herritarrek merezi bezalako zerbitzua jaso ahal izan dezaten aisialdian ere».
Hala ere, zenbait proiekturen lehentasunagaz ez dutela bat egiten argitu dute. «Iazko aurrekontuetan komentatu bezala, gure ustez ur txorroen proiektua ez da inondik ere lehentasunezkoa 2021era begira. Gehiegiko ur gastua eta gastu ekonomikoa dakartza proiektu honek, eta gure ustez Etxebarrik baditu aurretiko beharrak horren aurretik».
Bestalde, euskara erdigunean jarri eta herria euskaratik eraikitzea ezinbestekoa dela uste dute: «Eta bide horretan Ueman sartzea aurrerapauso handia litzakeela ziur gaude».
Aurtengo urtea COVID-19ak markatutako urtea izanik egoeraren diagnosi bat egin eta laguntzeko aukera ezberdinak aztertzea ere beharrezkoa iruditzen zaie.