Ondarroako Udalak inauteriak bertan behera uztea erabaki du
Koronabirusa dela eta, ohiko formatuan jaiagaz aurrera egitea ezinezkoa dela azpimarratu dute udal ordezkariek. Inauterietan jairik ez egiteko deia egin diete herritarrei.
Jairako hilabete geratzen bada ere, otsailaren erdialdean ospatu beharreko inauteriak bertan behera lagatzea erabaki du Ondarroako Udalak, “COVID-19a dela eta, ezinezkoa da ohiko formatuan jaiagaz aurrera egitea”. Egoera zein den ikusita, eta ondorioak zeintzuk izan daitezkeen kontuan hartuta, ez dute ekintzarik antolatuko. “Inauterietan jende pilaketak sortzen dira, bai zapatuan eta baita martitzenean ere, eta pandemia honen erdian beharrezkoa da halako pilaketak saihestuko dituzten neurri guztiak hartzea”.
Osasunaren izenean hartutako erabakiak eta arauak errespetatzeko eskatu du udalak, eta orain arte udalak zein herriko eragileek bertan behera laga dituzten jai eta ospakizunetan egin modura, inauterietan ere jairik ez egiteko deia egin diete herritarrei. “Iaz bertan behera laga behar izan ziren jai guztietan ez zen arazorik egon, jendeak ondo errespetatu zuen kasu gehientsuenetan festa bertan behera lagatzea. Oraingoa ere horrela izatea eskatzen dugu”.