Pandemian etxegabetuak ditu protagonista Nerea Arrien lekeitiarraren lan berriak
Gazteentzat idatzitako azken eleberria aurkeztu du gaur [urtarrilak 15] idazle lekeitiarrak. Auskalo sailaren baitan Erein argitaletxeagaz argitaratu duen laugarren lana da 'Etxegabetuak'.

Gazteentzat idatzitako azken eleberria aurkeztu du Nerea Arrien lekeitiarrak gaur [urtarrilak 15] Donostiako Udal Liburutegian. Auskalo sailaren baitan Erein argitaletxeagaz argitaratu duen laugarren lana da Etxegabetuak.
Haur literatura idazteko talentu berezia daukala Arrienek esan du Erein argitaletxeko IƱaki Aldekoak, eta liburu honetan ere ederto asmatzen duela kontatu nahi duen mundua. “Etxegabetuak pandemiaren altzoan eraikitako mundu bat da. Azal askotako liburua. Batetik dago denok bizi dugun egoera hau. Bestetik daude, nolabaiteko arazo, gorabehera edo zirkunstantzia familiarrak, eta badago baita ere bereziki pandemia honetan gizartea kolpatu duen beste errealitate sozial bat eta liburuari titulua ematen diona, Etxegabetuak”, azaldu du Aldekoak. Aurreratu duenez, ama-alabak etxea uzteko abisua jasotzen dute, eta non bizi edo nola bizi ematen diren konponbideak irudimen handikoak dira. “Babes txokotik alde egiten dute eta bizitzaren abentura zabaltzen da”.
Liburuko protagonista Libe da, etxegabetu duten alaba, eta berak kontatzen du, lehen pertsonan, bizi izandakoa. Liburuan agertzen dira bai eta ere, pandemian bizi izandakoak. “Balkoiak garrantzia hartu dute eta horietatik sortutako harremanak ere bai. Liburua bizi izandako egoeratik abiatzen da, baina azal diferenteak tartekatzen joan da Arrien, azal diferenteekin eta errealitate diferenteekin liburua aberastu arte”.
Etxearen ideia. Pandemian idatzitako liburua dela azaldu du Arrienek, baina bere hazia lehenagotik zeukala zehaztu du. “Pandemia baino hilabetetxo bat lehenago gure etxe ondoan dagoen parke baten ikusi nuen aulki baten gakorratzez egindako manta, eta ondoan, poltsak zeuden, egunero bizitzeko behar izaten diren gauzekin. Han zegoen parkean bizi den jendea, eta bereziki hunkitu ninduen horrek, ikusi nuen-eta ahalegin bat, egoera prekario horretan etxe bat egiteko. Saiakera horrek hunkitu egin ninduen, eta baneukan etxearen ideia barruan. Zer da etxe bat, zer eskatzen zaio etxe bati, zer eskatzen zioten haiek etxe bati. Beti ulertu dugu etxe batek babesa ematen duela, sutondoa, ideia hori. Eta gero etorri zen pandemia, eta pandemian etxeak beste adiera batzuk hartu ditu. Etxea zen eskola, etxea zen gimnasioa, etxea zen medikua, eta hasierako babesteko leku horrek beste esangura bat hartu zuen”.
Eta egoera horretan ikusi zuen argi eta garbi zer idatzi behar zuen: “bazeudela etxe mota bi, bata adreiluzkoa baina beste etxe mota bat zen nostalgia, irudimena, ametsak, nire iragana, nire haurtzaroa…” Liburu hau saiakera bat dela esan du etxe abstraktu hori eraikitzeko: “Liberi kentzen diote adreiluzko etxea, baina narrazioan zehar ametsak eraikiko ditu, irudimena handituko du, nostalgiak dauka paper oso garrantzitsu bat. Etxegintza zentzu horretan egin dut liburu honetan”.

‘Etxegabetuak’ liburuaren azala.
Beste alde batetik, pandemian egon den kontraesana irudikatu nahi izan du liburuan. “Helduok badaukagu joera bat lubakiak eraikitzeko. Zu alde batean eta gu bestean, eta hori argi eta garbi ikusi da pandemian”. Etxegabetuak horren isla dela adierazi du. “Batzuk etxean sartzen zituzten bitartean beste batzuk atera egin zituzten, eta hortik abiatuta Libek hartzen du kontraesan horretan posizio bat, helduok beti egiten dugun modura, eta berak hartzen du birusaren papera. Birusari ere eskuak garbitzen ditugunean etxea apurtzen diogu, eta bera ere birusaren bandoan jarriko da etxea kendu diotelako. Posizio hori hartzen du hasiera baten, baina narrazioa aurrera doan heinean posizio hori apurtu egiten da, nolabait ertz ezberdinak hartzen ditu narrazioak, poliedrikoago bihurtzen da, ez dago lubaki bat, zaintzaren ertza, egoera sozialaren ertza, egoera ekonomikoa ere hor dago”.
Diego Besne irudigilearen lana ere azpimarratu du Arrienek. “Batzuetan badaukat joera bat abstraktu berba egiteko, sinbolikoki, metaforikoki, eta Diegok hori guztiori marrazkiekin zehazteko ahalegina egin du. Nola irudikatzen duzu hiru hasiera edo babesten zaituen etxe abstraktu hori, bada hiru koloretan egina dago liburua”.
Oso liburu polita dela esanez amaitu du aurkezpena Arrienek. “Marrazki txikiak ditu, marrazki handiak, armonia berezia dauka”. Eta, irudiz beteriko liburua dela ere gaineratu du, “era zinematografiko baten idatzia”.