Aztarnategi arkeologiko bat aurkitu dute Amoroton
Tamaina oso handiko ugaztunenak diruditen atzaparkada marka handiak eta gizaki baten garezur bat aurkitu dituzte MG-012 kodeagaz katalogatutako haitzuloan.
ADES Espeleologi Elkarteko kideek aztarnetegi arkeleogiko berria aurkitu dute Amoroton, MG-012 kodeagaz katalogatutako haitzulo berrian. “Bertako esplorazio lanetan aztarna paleontologiko eta arkeologiko nabarmenak identifikatu dira”. Azpimarratu dutenez, aurkikuntza lan sistematikoaren emaitza izan da. “Zuloa lokalizatu eta gero, espeleologoak karstaren zientziei buruzko ohiko datu bilketa lanetan ari zirela aurkitu dute aztarnategia”.
Aztarna paleontologikoei dagokienez, nabarmenenak tamaina oso handiko ugaztunenak diruditen atzaparkada marka handiak direla esan dute. “Kobazuloaren hainbat puntutan daude. Leizeetako hartzarenak (Ursus spelaeus) izan daitezke agian”. Aztarnategi arkeologikoari dagokionez, ostera, espeleologoek gizaki baten garezur bat aurkitu dute. Nabarmendu dutenez, ezohiko eran aurkitu dute garezurra. “Lurpean zeuden aurpegiko hezurrak, beste inolako hezur aztarnarik barik inguruan”.
Protokoloari jarraituz, ez dute inolako indusketarik burutu. Aurkikuntza guztiak argazkitan dokumentatu dituzte eta aztarnak behar modura babesteko neurriak ere hartu dituzte. “Bizkaian, aurkikuntza hauek erregistratzeko ardura Bilboko Arkeologia Museoak du. Espeleologoek koba honetan eginiko lanen eta aurkikuntzen berri ematen duen txostena bertan aurkeztu dute. Orain, aztarnategia Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren Datu Basean katalogatuko da, eta kobazuloa ikerketzeko interesa izan dezaketen beste espezialistek lanerako baimena eskatu dezakete, informazio guztia eskuratuz”.