Beti Jai eta Izarbidean elkarteen egoitzako igogailua konpondu du Markina-Xemeingo Udalak
Udalaren asmoa herriko eraikin eta instalazioetako iriste erraztasuna hobetzea dela esan dute, eta hartuko diren neurriak finkatzeko plan berria landuko dute.
Aspaldiko eskaera bati erantzuna emanez, Beti Jai jubilatuen elkartearen eta Izarbidean elkartearen egoitzako igogailua hobetzeko lanak aurrera eraman ditu Markina-Xemeingo Udalak. Azaldu dutenez, igogailua zaharkituta zegoen eta hainbat arazo zituen; besteak beste, ezinezkoa zen pertsona bat baino gehiagok aldi berean erabiltzea.
Udalaren asmoa herriko eraikin eta instalazioetako iriste erraztasuna hobetzea dela esan dute, eta hartuko diren neurriak finkatzeko plan berria landuko dute. “Instalazio honen kasuan, gainera, zenbait erabiltzaile mugikortasun murriztua duten kolektiboen parte dira, jubilatuak eta adimen urritasuna duten pertsonak. Zentzu horretan, behar-beharrezkotzat jo du udalak igogailuan hobekuntza lanak egitea, Markina-Xemein iriste errazago eta inklusiboago bat lortzeko bidean”.
Hobekuntza udalak landuko duen Irisgarritasun Planari lotutakoa dela azaldu dute, eta iazko aurrekontuan zegoen jasota. Zehaztu dutenez, hasiera batean jaso ziren hiru aurrekontu proposamenetatik garestiena eta osoena aukeratu dute, eta guztira, 19.965 euroko inbertsioa egin dute. “Behin hobekuntza lanak gauzatuta, egindako lanean balorazio positiboa egin dute erabiltzaileek”, azpimarratu dute.