Miokardio infartuaren tratamenduan eragingo duen Cardiopach proiektuan parte hartuko du Leartikerrek
Bihotzeko batek kaltetutako ehunak birsortzeko gaitasuna duen txaplata "adimentsu" bat garatzea du helburu nazioarteko proiektuak.
European Heart Network erakundearen datuen arabera gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotzaren arrazoi nagusienak munduan. Patologia horiek sortzen dituzte Europan gertatzen diren heriotzen % 45, eta 210.000 milioi euroko kostu sanitarioa eragiten diote Europar Batasunari.
Egoera horri erantzun bat eman nahirik sortu dute Nafarroako Unibertsitatea Klinikak gidatzen duen eta Europar Batasuneko Interreg Sudoe Programak finantzatzen duen Cardiopach europar proiektua. Egitasmoak miokardio infartuaren tratamendurako bide berriak ireki eta pazienteen bizi kalitatea hobetuko duten irtenbideak ematea ditu helburu. Zehazki, 2020ko abenduaren 15ean hasi eta 2023ko apirilera arte iraungo duen proiektuaren helburu nagusia bihotzekoak kaltetutako ehunak birsortzeko gaitasuna izango duen txaplata “adimentsu” bat garatzea izango da.
Proiektuan kardiologian, terapia zelularrean, nanoteknologian, 3D inprimaketan, bioingeniaritzan eta transferentzia teknologikoan espezializatutako bederatzi erakundek parte hartzen dute, eta proiektu horren parte izango da bai eta Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoa ere.
Jakitera eman dutenez, Leartikerrek pazienteari txaplata egungo terapiek baino modu ez hain inbaditzailean ezartzen laguntzeko 3D gailu bilgarri bat eta bere ekoizpena orokortzeko eta garraioa errazteko 3D sistema bat garatuko ditu. “Paziente batengan txaplata ezartzeko gaur egun dagoen teknika kirurgikoa torakotomia da. Gure helburua da 3D gailu bilgarri bat garatzea, mini torakotomia baten bidez ezarri ahal izateko. Horrela, txaplata formatu bilgarrian izanda, ebakidura txiki baten bidez sartu ahal izango dugu, eta bihotzaren eremu kaltetura bideratu. Han, zabaldu eta bihotzeko lesioari lotu, birsortzea aktibatzeko”, azaldu du Felipe Prosper Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Zelula Terapiaren Arloko zuzendari eta proiektuaren arduradun zientifikoak.
Proiektuaren beste helburuetako bat bikaintasun sare bat sortzea ere izango da, Europako hego-mendebaldean sektore biomedikoaren I+G+b bultzatu eta 4.0 industriaren teknologiak osasun sektorera zabaltzeko.