Arantza Ibarra: "Publikoagaz ondo konektatu duen lana izan dela iruditzen zaigu"
Nazioarteko hainbat jaialditan hautatu eta saritu dute Arantza Ibarra ondarrutarrak zuzendutako 'Mi pequeño gran samurai' dokumentala. Azken aukeraketa Indiako Kalaburagi Film Laburren Lehiaketakoa izan da.
Nazioarteko hainbat jaialditan hautatu eta saritu dute Mi pequeño gran samurai dokumentala. Zerrenda hazten doala ikusita, zer sentsazio duzue?
Zinegoak jaialdian hasi zen bidea egiten. Hasiera bikaina eduki zuen, eta gerokoan munduko beste hainbat lekutara ailegatzeko aukera eduki du. Bide luzea egiten ari da, eta zabaldu nahi izan dugun mezua ere pentsaten genuena baino gehiagoagorena ailegatzen ari da. Pertsonalki, Ekairen indarra laguntzen ari zaigula iruditzen zait.
Azken aukeraketa Indiako Nazioarteko Kalaburagi Film Laburren Lehiaketakoa izan da. India moduko herrialde batera ailegatzea zelakoa da?
Duela gutxi, Indiako Cosmo jaialdiko publikoaren sari berezia ere jaso genuen. Eta orain beste lehiaketa baterako aukeratu gaituztela ikusita, Indian ere gauzak aldatzeko joera dagoela pentsatu nahi dut.
Duela gutxi, gainera, Italiako Omovies lehiaketako saria ere eskuratu duzue.
Sekulako ezustekoa izan da. Sari banaketa gala bat egin zuten, eta telebistan ere egongo ginela esan zigutenean, nominatutakoen artean egoteko susmoa bagenuen, baina metraje erdiko dokumental onenaren saria lortuko genuenik ez genuen espero. Gala ikusten ari nintzela nire izena eta lanaren izenburua entzun nituenean, harrituta geratu nintzen. Gala presentziala izan zen, eta, osasun krisia dela eta bertan ezin egotea pena bat da.
Beharra orain urtebete aurkeztu zenutenean, hainbesteko oihartzuna izatea espero zenuten?
Lan bat egiten duzunean, jende askok ikusiko duenaren itxaropena daukazu. Jendartean zabaldu eta ikustarazteko ilusioagaz egin genuen lana, nahiz eta esperientziak esan bide hori egitea ez dela erraza. Lanak, egia esan, hasiera oso indartsua eduki zuen, eta horrek gure helburua lortu ahal genezakela sinesteko arrazoi bat eman zigun.
Sari guztietatik zeinek egin dizue ilusio handiena?
Zinegoak jaialdian publikoaren saria irabazteak sekulako ilusioa egin zidan. Horrela hastea ikaragarria izan zen. Italiako Omovies lehiaketako saria ere berezia izan da. Norbere izena Italiako jaialdi batean entzutea polita izan da. Valentziako La Ploma jaialdiko epaimahaiaren sari bereziak ere ilusio berezia egin dit.
Publikoaren aldetik eduki duen arrakasta espero zenuten?
Zinta ikusi duten guztiek lana asko gustatu zaiela eta oso hunkituta amaitu dutela esan digute. Oro har, publikoagaz ondo konektatu duen lana izan dela iruditzen zaigu. Ekairen gurasoek sentitu dutena naturaltasun handiagaz jaso dugu, eta hori jendeari asko gustatu zaiola uste dut. Dokumentala, gainera, Ekai bera grabatzen egon balitz modura dago eginda apropos, eta horrek ere istoria publikoarengan gerturatzeko orduan lagundu egin duela uste dut.
Jaialdiz jaialdi noiz arte ibiltzeko asmoa duzue?
Normalean, urtebeteko bizitza edukitzen dute. Otsailean urtebete beteko da zinta aurkeztu genuenetik, eta bide luzeagoa izango duela dirudi. Pandemia dela eta, jaialdi asko atzeratu egin dira, eta horien emaitzen zain gaude oraindik. Gijongo MUSOC erakustaldirako ere aukeratu dute lana, eta horren harira, datorren astean Internet bidez beste lan batzuen zuzendariekin batera zuzeneko berbaldi bat emateko ere eskatu didate.
Zuen helburuetako bat izan da ikastetxeetara ere heltzea.
2021ean Naizen elkarteari gaia lantzeko eskaini diogu zinta; bai eurei eta guri ondo etorriko zaigun elkarlana izango da. Dokumentala hainbat tokitan proiektatuko dute, testigantzekin lagunduta eta. Gure asmoetako bat lana material didaktiko modura erabiltzea izan da, eta horretan Naizenen babesa izateak lasaitasuna ematen dit. Lan hori han-hemenka mugiaraziko dutela badakizu, eta horrenbestez, bide luzea edukiko duela. Ondo zainduko dute, eta ahal duten leku guztietara eramango dute.