Ondarroako mapa toponimiko eta turistiko berrituak aurkeztu dituzte
Mapa berrituak honako lekuetan daude eskuragarri: Turismo Bulegoan, Txomin Agirre udal liburutegian, Udaltzaingoan, Zaldupe Eskolan eta Zubi Zahar Herri Ikastolan. Mapa era interaktiboan kontsultatzeko aukera ere badago.
Udalerriko leku esanguratsuenak batzen dituen mapa toponimikoa eta turistikoa eguneratu ditu Ondarroako Udalak. Eskuragarri ipini dituzten mapak hainbat hilabetetako lanaren fruitua dira, eta esan dutenez, udal sail ezberdinen lankidetzari esker eraman dute aurrera proiektua. “Herriko toponimia gaurkotzeko beharrizana ikusi zen, batez ere, euskarari zegokionean; aurreko mapa toponimikoak hainbat hutsune zituen. Aldi berean, mapa turistikoa berritzea ere egoki ikusi zen, azten urteetan egondako aldaketak berritzeko”.
Mapa toponimikoaren 500 ale eta mapa turistikoaren 2.000 ale argitaratu dituzte, eta Turismo Bulegoan, Txomin Agirre udal liburutegian eta Udaltzaingoan daude eskuragarri. Zaldupe Eskolan eta Zubi Zahar Herri Ikastolan ere eskuragarri daude mapak. “Ikasle gazteek herria ezagutzeko egiten dituzten lanketetan erabiltzeko tresna ona dela uste dugu, eta horregatik banatu ditugu ikastetxeetan ere”.
Udalak izen eta hitz toponimiko guztiak euskarara ekartzeko ahalegin berezia egin duela esan du
Argitalpenak papereko euskarrian ez ezik, era interaktiboan kontsultatzeko aukera ere garatu dute. Formatu digitala kontsultatu nahi dutenek udalaren webgunera jo beharko dute. “Mapa interaktiboa etengabe berritzen joateko aukera ematen duen “herri birtuala” da; hau da, herrian ematen diren hirigintza aldaketa guztiak etengabe gaurkotzea ahalbidetzen duen oinarria”. Mapa interaktiboak hainbat aukera eta abantaila eskaintzen dituela nabarmendu dute. Honakoak dira nabarmenenak:
- Herritar eta bisitariek udalerriko informazioa etengabe Interneten eta eguneratua edukitzea.
- Edozein erabiltzailek informazio ezberdina duten mapak deskargatu edo inprimatzea.
- Herritarrei eta bisitariei baliabideak lokalizatzeko aukera ematea (udalaren zerbitzuak, enpresak, toponimoak, kaleak, azpiegiturak, ondareko elementuak, ibilbideak, ostalaritza establezimenduak, azpiegitura turistikoak…).
- Nahi den tokiaren edo interesgunearen bilaketa iragazkien bidez egiteko aukera.
Mapak berrizterako sasoian euskararen garrantzia ere azpimarratu nahi izan dute, eta izen eta hitz toponimiko guztiak euskarara ekartzeko ahalegin berezia egin dutela esan dute. “Izen batzuk hizkuntza irizpideak errespetatu barik idatzi ohi ziren, askotan herrian ahoskatzen diren moduan, eta beste batzuk, ostera, ez zeuden euskaraz, zuzenean. Herriko toponimia egokitzeko lan handia egin du euskara sailak. Leku izen asko herrian nola ezagutzen diren aztertu, orain arte nola idatzi ohi izan diren begiratu eta egungo irizpideen arabera moldatu dira, betiere jatorria eta toki horiek herrian nola ezagutzen diren kontuan hartuta”.
Gislan enpresak gidatu du proiektua, udaleko Hirigintza eta Euskara sailen laguntzagaz. 14.217,50 euroko kostua eduki proiektuak (11.750 + BEZ), eta Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren dirulaguntza jaso du. Jaurlaritzak %80ean (9.400 euro) lagundu du proiektua eta gainontzeko %20a (2.350 euro) udalak ipini du.