Azken orduetan 25 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun
Ondoko herrietan erregistratu dituzte kasu berriak: 11 Lekeition, 9 Markina-Xemeinen, 3 Mutrikun eta bana Berriatuan eta Ondarroan. Munitibarko Udalak San Bizente jaietako ekintzak bertan behera utzi ditu, eta Gizaburuagako Udalak ere neurri murriztaileagoak ezarri ditu.
Azken orduetan 25 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 11 Lekeition, 9 Markina-Xemeinen, 3 Mutrikun eta bana Berriatuan eta Ondarroan. Egoerak zer edo zer hobera eginda, gune laranjatik horira pasatu da Ondarroa; 338,41ko tasa edukitzetik 291,82ko tasa edukitzera pasatu da.
[LABIK HERRI GUZTIAK IXTEA ERABAKI DU]
Lekeition eta Markina-Xemeinen, ostera, bestelako egoeran daude. Eremu gorrian daude, eta azken egunetean Lekeitioko tasa zer edo zer jaisten joan bada ere, azken 24 orduetan erregistratutako positibo berriak direla eta, igo egin da tasa; 802,55eko tasa edukitzetik 885,57ko tasa edukitzera pasatu da. Markina-Xemeingo tasa 100 puntu baino gehiago igo da azken orduetan; 1.213,93ko tasa edukitzetik 1.373,13koa edukitzera pasatu da. Aipagarria da baita ere Mutrikuren egoera: eremu laranjan badago ere, gune gorriko mugara hurbiltzen ari da; 489,27ko tasa dauka (azken orduetan 56 puntu igo da).
Bestetik, Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak Osasun Publikoarekin hitz egin duela jakinarazi du. Eta esan du Bizkaiko epidemiologia teknikariek baheketa orokor bat egitea baino hobeto ikusten dutela kasu positiboen jarraipena indartzea Markina-Xemeinen (aurreko zazpi egunetan egitea positiboen kontaktuen jarraipena, aurreko bi egunetan beharrean). “Dena den, Osasun Publikoak iritzia aldatzen badu (erabakia euren esku dago), eta proba orokorrak egin beharko balira, udalak prest dauka azpiegitura guztia”.
Momentuz, ondokoa da herriz herriko intzidentzia tasa:
- Amoroto: 481,93
- Aulesti: 0
- Berriatua: 318,22 (ia 80 puntu igo da)
- Etxebarria: 402,68
- Gizaburuaga: 1.500
- Ispaster: 134,41
- Lekeitio: 885,57 (azken orduetan 83 puntu igo da)
- Markina-Xemein: 1.373,13 (azken orduetan 159 puntu igo da)
- Mendexa: 211,86
- Munitibar: 1.965,07
- Mutriku: 489,27 (azken orduetan 56 puntu igo da)
- Ondarroa: 291,82 (azken orduetan ia 47 puntu jeitsi da).
- Ziortza-Bolibar: 2.050,11
Lea-Artibain 5 dira perimetralki itxita daude herriak: Markina-Xemein, Lekeitio, Ziortza-Bolibar, Munitibar eta Gizaburuaga.
Gizaburuagako Udalak, gainera, neurri murriztaileagoak ezarri ditu, herria gune gorrian dagoelako:
- Herriko taberna itxita egongo da (etxera eramateko zerbitzua eskaintzen dute)
- Gimnasioan gehienez bi pertsona egon ahal dira batera
- Yogarik ez da egongo
Munitibarko Udalak ere San Bizente jaietako ekintzak bertan behera uztea erabaki du.