Herri guztiak ixtea eta bilerak lau lagunetara mugatzea erabaki du Labik
Neurri berriak astelehenean [urtarrilak 25] sartuko dira indarrean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa transmisio altuko 5. mailan kokatzen direla esan dute. Datozen egunetan kutsatuen kopuruak gora egiten jarraituko duela aurreikusi dute. Bilakaera epidemiologikoa "oso kezkagarria" dela esan dute.
Bilakaera epidemiologikoa “oso kezkagarria” dela esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Labiren bilera amaitu ostean egindako agerraldian. Hala, birusaren hedapena geldiarazteko, hiru lurraldeetako herri guztiei udal konfinamendua ezartzea eta bilerak gehienez ere lau pertsonara mugatzea erabaki dute. Dekretua zapatuan [urtarrilak 23] argitaratuko da, eta astelehenean [urtarrilak 25] sartuko da indarrean.
Zehatz esanda, ondokoak dira Labiren gaurko [urtarrilak 22] bileran hartu dituzten bi neurri berriak (astelehenetik aurrera lehendik zeudenei gehituko zaizkienak):
- Konfinamendu perimetrala hiru lurraldeetako udalerri guztietara zabaltzea, Dekretuaren esparruan aurreikusitako salbuespenekin, baina udalerri mugakiderako igarobidea salbuetsi gabe. “Neurri honen helburua mugikortasuna are gehiago mugatzea da. Mugikortasunak, pertsona bakoitza birusa garraiatzeko ibilgailu bihurtzen du eta ondorioz, birusa hedatzen laguntzen du”.
- Bilerak: Pertsonak gehienez ere lauko taldetan biltzeko muga ezartzea, bai erabilera publikoko espazioetan, eta baita ere erabilera pribatuko espazioetan. “Beraz, ostalaritzako eta jatetxeetako mahaien okupazioan ere bai. Neurri honen helburua da gure ohiko bizikidetza-burbuilatik kanpo dauden pertsonen arteko bilkurek kutsatzeen transmisioan duten hedatze-uhina murriztea”.
Bigarrenik, Labiren Aholku Batzordeak uste du duela aste batzuetatik indarrean dauden murrizketei eutsi behar zaiela, eta horien laburpena egin behar dela, “horien garrantzia azpimarratzeko eta prebentzioan duten eragina berresteko”. Ondokoak dira neurri horiek:
- Euskadiren itxiera perimetrala eta udal mailako itxiera perimetrala (indarrean urtarrilaren 25etik aurrera).
- Gehienez lau laguneko bilkurak (indarrean urtarrilaren 25etik aurrera).
- Gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara dago mugatuta.
- Merkataritza eta kultura jarduerak eten egin behar dira 21:00etan.
- %40ko aforoak 150 metro karratu baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa 150 metro karratu arteko azalera dutenetan. Edukiera murriztuak, era guztietako kultura- eta gizarte-ekitaldietarako.
- Gurtza aretoetako gehieneko edukiera % 35 mugatzea.
- Musika- eta ahots-entsaioak eta emanaldiak bertan behera uztea.
- Ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia 20:00etatik 06:00etara.
Etxeratze agindua aurreratzea dela eta. Gaineratu dute oraingoz, etxeratze agindua aurreratzeko Errege Dekretuaren aldaketari ez heltzea erabaki duela Osasun Ministerioak. “Lurralde Arteko Kontseiluan ez da akordiorik lortu. Erabaki horrekin ez gatoz bat. Aukera bat galdu da adostasunaren bidez aurrera egiteko eta Autonomia Erkidego guztien artean adostutako prebentzio-neurri berriak hartzeko”. Gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aurreratzeko aukerarik ez izateak “esku hartzeko gaitasuna murrizten” diela esan dute. “Egiaztatu ahal izan dugu neurri horrek emaitza onak izan dituela hartu den Frantziako Departamentuetan”.