Bigarren urtez jarraian jantzi dute Bizkaiko Txapela. Ondarrutarrak zorionak eta eskerrak eman dizkie Bizkaiko Herri Kirol Federazioari eta Gautegiz Arteagako Udalari, txapelketa antolatzeko egin duten apustuagatik.
Ondarroako Mikel Agirrek eta Mendaroko Uxue Ansorregik irabazi zuten trontza mistoko Bizkaiko Txapelketa atzo, Gautegiz Arteagan. 3 minutu eta 54 segundotan burutu zituzten lanak txapeldunek.
5 minutu eta 3 segundo egin zituzten txapeldunorde geratu ziren Iraide Gezuragak eta Salva Erleagak, eta horiek baino 33 segundo gehiago behar izan zituzten lanak burutzeko Ruth San Cristobalek eta Joseba Legarretak. Txapelketa erabakitzeko etzanda jarritako 45 ontzako enborrean hamar ebaketa egin behar izan zituzten.
Agirrek eta Ansorregik bigarren urtez jarraian lortu dute nagusitzea. Iazko txapeldunak izanda, ustez eurek ziren faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Txapelketa prestatzeko denbora gutxi eduki dute. “Aurten denontzat izan da urte arraroa, eta txapelketa honek ezustean harrapatu gaitu, azken momentuko erabakia izan baitzen. Astebete eta erdi aurretik antolatu dute. Gure maila zein puntutan egongo zen ez genekien, eta beldur edo kezka hori bageneukan. Hainbeste ibili barik eta ondo prestatu barik eduki dugunez, errespetuz hartu genuen”. Azken bi asteetan egindako lanak saria eman die.
Ondarrutarrak zorionak eta eskerrak eman dizkie Bizkaiko Herri Kirol Federazioari eta Gautegiz Arteagako Udalari, txapelketa antolatzeko egin duten apustuagatik: “Orokorrean, federazioari eta udalei zorionak eman nahi dizkiet, txapelketak antolatzeko egiten ari diren esfortsuagatik. Izan ere, halako baldintzetan ez da erraza txapelketak antolatzea”.