Azken hiru egunetan 59 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun
Ondoko herrietan erregistratu dituzte kasu berriak: 26 Lekeition, 18 Markina-Xemeinen, 6 Ondarroan, 3 Gizaburuagan, 2 Berriatuan, 2 Mutrikun eta bana Aulestin eta Munitibarren. Gune gorrian dauden herriak bere horretan jarraitzen dute; 5 herri daude egoera horretan. Hemen gaurtik aurrera indarrean dauden neurri guztiak.
Azken hiru egunetan [urtarrilak 22-23-24] 59 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 26 Lekeition, 18 Markina-Xemeinen, 6 Ondarroan, 3 Gizaburuagan, 2 Berriatuan, 2 Mutrikun eta bana Aulestin eta Munitibarren. Aipagarria da barikuan [urtarrilak 22] Lekeition eta Markina-Xemeinen erregistratutako kasu berriak; Lekeition 21 erregistratu zituzten egun horretan, eta Markina-Xemeinen 15. Bestetik, Ondarroan isun proposamena jarri diete zortzi laguni, lokal batean elkartzeagatik. Horrez gain, Markina-Xemeingo San Roke egoitzan 4 positibo daudela esan du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Gune gorrian dauden herriei dagokienez, ez da ezer aldatu. Hala, Lea-Artibai eta Mutrikuko eremuan bost herri daude gune gorrian: Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Gizaburuaga eta Ziortza-Bolibar. Ondokoa da herriz herriko intzidentzia tasa:
- Amoroto: 481,93
- Aulesti: 148,70
- Berriatua: 397,77
- Etxebarria: 402,68
- Gizaburuaga: 3.000
- Ispaster: 0
- Lekeitio: 1.106,96
- Markina-Xemein: 1.631,84
- Mendexa: 211,86
- Munitibar: 1.528,38
- Mutriku: 470,46
- Ondarroa: 268,47
- Ziortza-Bolibar: 2.050,11
Jaurlaritzak gaur [urtarrilak 25] argitaratutako txosten epidemiologikoari esker, joan den astean Lea-Artibai eta Mutriku mailan herriz herri zenbat kasu erregistratu ziren ere jakin ahal izan da (guztira 153 kasu); zerrenda horretan Lekeitio eta Markina-Xemein dauden lehen postuan, eta Ispaster azken, joan den aste osoan kasu berririk ez zutelako atzeman:
- Lekeitio: 49
- Markina-Xemein: 47
- Ondarroa: 16
- Mutriku: 15
- Munitibar: 6
- Gizaburuaga: 6
- Ziortza-Bolibar: 6
- Berriatua: 4
- Amoroto: 1
- Aulesti: 1
- Etxebarria: 1
- Mendexa: 1
- Ispaster: 0
Gaurtik aurrera indarrean dauden neurri guztiak. Gogorarazi behar da Labik barikuan [urtarrilak 22] iragarri zuela herri guztiak perimetralki itxi eta bilerak 4 lagunetara mugatzea. Beraz, gaur hasita eta gutxienez otsailaren 13ra bitartean, ondoak dira neurriak:
- Konfinamendu perimetrala hiru lurraldeetako udalerri guztietan, udalerri mugakiderako igarobidea salbuetsi gabe. “Neurri honen helburua mugikortasuna are gehiago mugatzea da. Mugikortasunak pertsona bakoitza birusa garraiatzeko ibilgailu bihurtzen du, eta ondorioz, birusa hedatzen laguntzen du”.
- Bilerak: Pertsonak gehienez ere lauko taldetan batu ahal dira, bai erabilera publikoko espazioetan, eta baita ere erabilera pribatuko espazioetan. “Beraz, ostalaritzako eta jatetxeetako mahaien okupazioan ere bai. Neurri honen helburua da gure ohiko bizikidetza burbuilatik kanpo dauden pertsonen arteko bilkurek kutsatzeen transmisioan duten hedatze uhina murriztea”.
- Gune gorrian dauden herrien kasuan: Ostalaritza establezimenduak itxita egon behar dira (bakarrik eramateko zerbitzua eskaini ahal dute). Zerrenda eguneratua astelehenero eta eguenero argitaratzen da, eta neurri bereziak hurrengo egunean sartzen dira indarrean.
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren itxiera perimetralak bere horretan jarraitzen du.
- Gaueko mugikortasuna debekatuta dago 22:00etatik 06:00etara.
- Merkataritza eta kultura jarduerak eten egin behar dira 21:00etan.
- %40ko aforoak 150 metro karratu baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa 150 metro karratu arteko azalera dutenetan. Edukiera murriztuak, era guztietako kultura- eta gizarte-ekitaldietarako.
- Gurtza aretoetako gehieneko edukiera % 35 mugatzea.
- Musika eta ahots entseguak eta emanaldiak bertan behera uztea.
- Ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia, 20:00etatik 06:00etara.