COVID-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia jarri diete Mutrikuko egoitzakoei
Zentroko 40 egoiliarrek eta 35 langilek jaso dute Pfizerren txertoaren bigarren dosia. Txertaketa prozesuarekin amaitu duen Lea-Artibai eta Mutriku mailako lehen zentroa da Mutrikukoa. Astebetera %95eko immunitatea edukiko dutela esan dute.
Mutrikuko Mikel Deuna egoitzako egoiliarrak eta langileak Lea-Artibai eta Mutriku mailan COVID-19aren aurkako txertoa jasotzen lehenak izan ziren duela 21 egun. Eta gaur [urtarrilak 25] goizean, bigarren dosia jasota, txertaketa prozesuarekin amaitu dute. Osakidetzako erizain talde bat arduratu da txertoak jartzeaz, eta, guztira, 75 lagunek jaso dute Pfizerren txertoaren bigarren dosia: 40 egoiliarrek eta 35 langilek.
Aintzane Uriguen zentroko zuzendariak azpimarratu duenez, koronabirusaren aurkako babes osoa ez da lortzen bigarren dosia eman eta zazpi egun igaro arte. “Astebetera %95eko immunitatea edukiko dugula suposatzen da. Lehenengo dosia gorabeherarik gabe jaso genuen. Egoiliarrek eta langileek ez zuten sintomarik eduki. Soilik dosia hartu zuten besoan eduki zuten mina. Bigarren dosiak albo-ondorio gehiago sortzen dituela esan digute, baina ez ezer larririk; txertoa hartu dutenek egunen batean sukarra izan dezaketela esan digute. Egoiliar guztiak txertatu dira, eta horrek beste lasaitasun bat ematen digu”.
Uriguenek gaineratu duenez, txertoa hartu duten egoiliarrek eta langileek beren borondatez hartu dute txertoa. “Langile guztiak ez dira txertatu; horretarako prest agertu direnek jaso dute bakarrik. Mediku aurrekarietan alergia arazoak dituen egoiliar bati, aldiz, txertaketa prozesuaren lehen fase honetan ez txertatzeko gomendatu ziguten. Bere kasua aztertu dute, eta hurrengo fasean txertatuko dutela esan digute”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, lurraldeko adinekoen egoitza guztiek COVID-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia otsailaren erdialderako jasoko dute.