Markina-Xemeinen kontaktuen jarraipen zabalagoa egitea hobesten dute
Jarraipen zabalagoa egingo balute, bi egunetako kontaktuak barik, aurreko zazpi egunetako kontaktuen jarraipena egingo lukete.
Luis Egurrola Arakistain alkateak azaldu duenez, Bizkaiko epidemiologiako teknikariek baheketa orokorra egitea baino kasu positiboen jarraipena indartzea hobe dela ikusten dute Markina-Xemeinen, eta osasun etxekoak ere iritzi berekoak dira. “Kontaktuen jarraipen zabalagoa egitea hobeto legokeela ikusten dute”. Hori dela eta, eurek emandako gomendioari jarraituz, aurreko zazpi egunetako kontaktuen jarraipen hori egiteko eskaria mahai gainean dauka udalak –gaur egun bi egun atzeragoko kontaktuak begiratzen dituzte–, baina erabakia Osasun Publikoaren esku dagoela azpimarratu dute.
Markina-Xemeingo datuak ez dira onak. Gaur [urtarrilak 25] 38 proba egin dira Markina-Xemeingo Osasun Etxean: 20 PCR eta 18 antigeno, eta azken horietatik 3 positiboak izan dira. Hala ere, 3 antigeno horiek ez dakite oraindik Markina-Xemein edo inguruko herriren batekoak diren.
Jarraipena egiten. Azaldu dutenez, San Roke egoitzako kasu positiboen bilakaerari ere adi daude. Momentura arte San Roke egoitzan 12 egoiliarrek eman dute positibo eta sei beharginek. Kaltetutako guztietatik, 8 pertsona Birjinetxera bideratu dituzte, koronabirus kasuak tratatzeko unitate espezializatura, eta lau zentroan daude. 10 sintomarik gabekoak dira eta bat ere ez dute ospitaleratu.”Ikasgela bat ere konfinatu duten arren, bakarrik batek eman du positibo eta beste guztiek negatibo eman dute”.
Markina-Xemeingo azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 1.631,84koa da. “Gauza da jakitea hazkunde kurba noiz apalduko den. Hala ere, kasuak beherantz joateko beharko ditugu pare bat aste gutxienez. 500eko kopuru horretatik jaitsi egin behar gara bai edo bai”.
Datuen arabera, gaitza batez ere kontaktu ezagunen bidez ari da zabaltzen: “Asintomatikoa bazara bizitza normala egiten jarraitzen duzu, eta hor dago transmisioa. Gure esku dago, denok kutsatuta gaudela pentsatu behar dugu eta horren arabera jokatu egoerak hobera egiteko. Guk gure herrian zelan jokatzen dugun da garrantzitsuena, nahiz eta erraza ez izan”.
Udala jende pilaketak saihesteko ahaleginak egiten ari dela azaldu du alkateak. “Hori dela eta, batzarrik ezin da egin eta jolastokiak itxita daude”. Eta, udaltzaingoaren txandak ere indartu dituzte, batez ere bariku eta zapatu arratsaldeetan. Ertzaintzagaz koordinatuta itxidura perimetralaren kontrola egiten ere ari dira udaltzainak, eta momentuz, jendea, itxidura perimetrala errespetatzen ari dela azaldu dute.