Markina-Xemeingo ondarea ezagutzeko aukera egongo da, QR kodeen laguntzagaz
Herriko interesgune eta eraikin aipagarrienetan zehar ibilbide bat osatu du udalak. Markina-Xemeingo turismoa indartzea du helburu.
Markina-Xemeingo ondarea ezagutzeko proiektu bat jarri du abian udalak. QR kodeen bidez herriko 20 guneren informazioa eskuratzeko aukera edukiko dute herritarrek eta bisitariek. Horrez gain, herriko interesgune, monumentu eta eraikin aipagarrienetan zehar ibilbide bat osatu dute, eta ibilbide hori egiteko beharko den tresna telefono mugikorra izango da.
Ibilbidea osatzen duten 20 puntuetako bakoitzean QR kodedun plaka bat jarri du udalak, puntu bakoitzaren oinarrizko informazioa zehaztuz. Mugikorraren laguntzagaz QR kode horiek irakurri eta Markina-Xemeingo Udalaren turismo webgunera bideratuko da. Webgunean, puntu horren gaineko informazio gehiago eskuratu eta hurrengo puntua zein den jakingo dute erabiltzaileek. “Mugikorra erabilita herrian zehar ibilbide osoa egin ahal izango da, Markina-Xemeingo historiaren zatitxo bat ezagutuz”, adierazi dute.
Jakitera eman dutenez, proiektu honen helburua turismoa indartzea da, “herria ezagutu nahi duen bisitari orori herria ezagutzeko aukera berriak eskainiz”. Bestalde, Markina-Xemein eremu gorrian egonda eta itxiera perimetrala ere badagoela eta, herritarrentzako herritik irten barik ibilbide osasungarri eta kultural bat egiteko aukera bat ere badela gaineratu dute.
Ondarearen Ibilbideko 20 guneak ondorengoak dira: Goiko Portala, Goiko Portaleko iturria, Karmengo eliza eta komentua, hirigune historikoa, Zehar Kalea, Guen Kalea, Iruretako portala, Uni frontoia, Bidarte dorrea eta Santa Kurutz ermita, Uhagon kulturgunea, Patrokua jauregia, Juan Antonio Mogelen omenezko monumentua, Xemeingo eliza, hilerria, Arretxinagako San Migel ermita, Barroeta dorrea eta ermita, kartzela zaharra, udal arraindegia eta iturria, Ugarte dorrea eta Sagastiguren.
Berrikuntzak. Ondarearen Ibilbidea garatzeagaz gainera, Markina-Xemeingo turismo webgunea berritu dute, Ondarearen Ibilbidea atala sortu eta puntu bakoitzeko informazioa gaineratu dute. Markina-Xemein bisitatzen duten bisitariak jatorri anitzetakoak direla eta, lau hizkuntzatan landu dituzte webguneko informazioa eta QR kode plakak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.”Honekin batera domeinu berri bat ere erosi da, beste hizkuntza baten nabigatzen duten pertsonak erakartzeko, www.visitmarkinaxemein.com, Markina-Xemeingo turismo webgunera zuzenduta dagoena”. Ondarearen Ibilbidea ezagutzera emateko bideo bat ere egin dute.
Proiektua aurrera eramateko diru laguntza bi lortu ditu udalak, bata Eusko Jaurlaritzarena eta bestea Bizkaiko Foru Aldundiarena. Horretara, beraz, proiektua % 100ean finantzatuta dagoela azaldu dute.