Indarkeria matxistari buruzko ikuskizun sentsorial bat eskainiko dute Ondarroan
Otsailaren 5ean 'Memoria eraikiz' ikuskizunaren hiru emanaldi emango dituzte Beikozinin. Sarrera doakoa da eta izen ematea zabalik dago Etxelilan.
Euskal Herriko hainbat herritan geldialdia egin ostean, Memoria eraikiz indarkeria matxistari buruzko ikuskizun sentsoriala Ondarroan ere ikusi ahal izango da. Ikuskizuna otsailaren 5ean eskainiko dute Beikozini aretoan, eta “herritarrak esperientzia horretan murgiltzeko nahiagaz”, hiru emanaldi eskainiko dituzte: 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. Sarrera doakoa da eta bertan parte hartu nahi dutenek etxelila@ondarroa.eus helbide elektronikora idatzi edo 94-613 40 08 edo 664 547 367 telefono zenbakietara deitu beharko dute.
Udal iturriek azaldu dutenez, gehienez ere hamalau lagunek parte hartu ahal izango dute emanaldi bakoitzean. “Ikuskizun hau esperientzia bat izango da bertaratzen direnentzat; emozioz eta sentipenez betetako saioak izango dira. Aforo mugak ikusirik, hiru saio antolatzea erabaki dugu, ahalik eta jende gehienak parte hartzeko esperientzia honetan”, esan du Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak.
Ikuskizunak Alfaslto arteko loreak. Indarkeria matxisten kausak eta eragina biziraun duten emakume biktimen bizitzetan izeneko ikerketan jasotako bizitza istorio batzuk ikustarazten ditu. Zehazki, El Salvador, Kolonbia, Guatemala, Euskal Herria eta Espainian indarkeria matxista pairatu eta bizirik atera diren 28 emakumeren bizitza istorioetan oinarrituta dago.
Sortzaileek indarkeria matxisten aurrean gizarteak duen jokaeraz hausnartzera eta jabetzera gonbidatu nahi dituzte ikusleak. Sorkuntza artistikoaren helburua indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei sinesgarritasuna ematea dela azpimarratu dute. “Emakume horiei sinesgarritasuna emateko, haien erresistentzia estrategiak ikusarazteko, kontakizun horiek berresteko eta emakume horiek beren bizitzaren eta jendarte aldaketaren protagonista diren diskurtsoetara igarotzeko beharretik sortutako ekimena da”.