Lekeitio Zinegoak jaialdiaren egoitza ofiziala izango da aurten
Bilbon martxoaren 1etik 14ra arte ospatuko da jaialdia, eta Lekeition ere proiekzio ofizialak egingo dira egun batzuetan.
Lehenengo bider, Zinegoak jaialdiak Bilbotik kanpora edukiko du egoitza ofiziala. Zinegoak eta Euskal Zine Bileraren arteko lankidetzari esker Bizkaiko hiriburuan jaialdia antolatzen ari den bitartean, Lekeition ere jaialdiko proiekzioak eskainiko direla jakitera eman dute jaialdiaren antolatzaileek.
Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia martxoaren 1etik 14ra ospatuko da. Genero izpirik gabe leloa aukeratu du Zinegoak jaialdiak bere 18. jaialdirako, eta kartela ere badauka; Helena Goñi argazkilaria da kartelean agertzen den irudiaren egilea. Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak aipatu duenez, Helena Goñiren irudian belaunaldi berriek euren genero identitatea naturaltasunez bizi dutela ikus daiteke. Guillenen hitzetan, gero eta ohikoagoa da “pertsona ez binario”, “genero neutro” edo “mugarik gabeko genero” bezalako kontzeptuak entzutea. “Ez da beharrezkoa kontzeptu guzti-guztiak ezagutzea, baina bai behintzat jakitea genero-identitatearen mugak zabaldu direla eta aukera guztiak baliagarriak direla”.
Azaldu dutenez, aniztasunaren isla izan da gakoa jaialdiko kartelaren irudia aukeratzeko orduan. “Azken urteetan lan handia egin da sexu-aniztasunaren aldeko sentsibilizazioan eta hezkuntzan, eta horrek eragina izan du gure gizartean eta are gehiago belaunaldi berrietan. Aurtengo Zinegoakeko kartelak ere hori islatu nahi izan du. Izan ere, kontzeptu hori abiapuntutzat hartuta, genero-identitatearen aniztasuna, norberak bere identitatea garatu eta bere beharrizanetara egokitzen du”, adierazi du zuzendariak.
Etxeetaraino. Osasun-neurrietara egokituko bada ere, 18. Zinegoak jaialdiak ez du bere nortasuna galduko eta aste biko programazioari eutsiko dio. Aurrez aurreko jarduerez gain, programazio birtuala ere eskainiko dutela iragarri dute, Filmin plataformaren bidez.
“Gure hasierako nahia izan da jaialdia aurrez aurre antolatzea eta asmo horri eutsiko diogu” azpimarratu du jaialdiko zuzendariak. “Zinegoaken indarra bere publikoa da, aretoetara gerturatzen den jendea, baina badakigu aurreikuspenagaz jokatu behar dugula eta egoera kontuan hartuta, ahalegina egin behar dugula jaialdia etxeetaraino ere eramateko”. Helburu hori dauka Zinegoak eta Filminen arteko lankidetzak.
Jaialdiko lanak publikoarengana hurbiltzeko ahalegin berezi hori dela-eta erabaki dute bai eta ere Zinegoak 2021eko egoitza ofiziala Lekeitio ere izatea. Aurreratu dutenez, otsailaren erdialderantz emango dituzte programazioaren xehetasun guztiak.