Mutrikulan diru laguntza eskatzeko epea amaitzear dago
Udalak 20.000 euroko saila bideratu du udalerrian enplegua sortu eta enpresa ekimenen garapena bultzatzeko asmoarekin. Diru laguntza eskaerak aurkezteko epea eguenean amaitzen da.
Mutrikuko udal garapen sailak ekintzaileei zuzendutako Mutrikulan diru laguntzen deialdia egin du aurten ere. Egitasmoaren helburua udalerrian enplegua sortzea eta enpresa ekimenen garapena bultzatzea dela azpimarratu dute. Laguntza eskatzeko interesa daukatenek eskari orria beteta eta dagokion dokumentazioa udaletxeko harreran aurkeztu beharko dute; eskabidea udal web orriaren bidez ere egiteko aukera dago. Eskaerak aurkezteko epea eguenean [urtarrilak 28] amaitzen da.
Mutrikuko Udalak 20.000 euroko saila bideratu du diru laguntzei aurre egiteko. “Aurkezten diren enpresen gastuak aztertuko dira, eta horren arabera kalkulatuko da laguntza kopurua”. Oinarrietan agertzen denaren arabera, bi dira diruz lagunduko dituzten kapituluak: enpresa proiektu berrien sustapena eta enpleguaren sustapena.
Enpresa proiektu berrien sustapena oinarriari dagokionez, beronen xedea Mutrikun enpresa berriak ezartzeko enpresa ekimenak diruz laguntzea da. Enpresa proiektuak sustatzeko zenbait udal zergatan hobariak aplikatuko direla esan dute, baita inbertsioak diruz lagundu ere. “Enpresa jartzeko garaian alokairu bat badu ekintzaileak alokairuaren ehuneko bat ere diruz konpentsatuko zaio”. Diru laguntzetara aurkezten diren ekimenek gutxienez 18 hilabeteko iraupena izan beharko dute.
Mutrikun “kalitateko lanpostuak” sustatze aldera, berriz, langileak kontratatzeagatik (ekintzailea bera barne) itzuli beharrik gabeko diru laguntzak ere emango dituzte. Sortzen den lanpostu bakoitzeko 1.000 euroko laguntza emango dute oinarri moduan. Enpresa berriek zein aurretik martxan daudenek eskatu ahal izango dute laguntza. “Kontratazio berriek ordenantza argitaratu aurreko langile kopurua handitu beharko dute. Beharrezkoa izango da gutxienez 18 hilabeteko lanpostuak bermatzea. Bereziki, emakumeak, zein lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak lan munduan sartzea sustatuko da”.