Mutrikuko osoko bilkurak zuzenean emango dituzte Internet bidez
Zuzenean emango duten lehendabiziko osoko bilkura biharkoa izango da.
Osoko bilkurak Internet bidez ematen hasiko dela jakitera eman du Mutrikuko Udalak. Zehazki, udalaren Youtube kanalaren bidez emango dituzte zuzenekoak. Zuzenean emango duten lehendabiziko osoko bilkura eguenekoa [urtarrilak 28] izango dela iragarri dute. 19:00etan hasiko da saioa. “Zuzeneko emisioak Internetera konexioa duen edozein gailutik ikusi ahal izango dituzte herritarrek, streaming teknologiari esker. Emanaldia zuzenean igortzeaz gain, grabatuta ere geratuko da herritarrek edozein momentutan ikusi ahal izateko”.
Udala 2020ko konfinamendu garaian hasi zen Youtube bidez lehen zuzenekoak eskaintzen. 45 zuzeneko inguru eman dituztela esan dute: konfinamendu garaiko zuzenekoak, Ingurumenari buruzko jardunaldiak, Herri Botiaren zozketa, Kirol Gala eta beste zenbait emisio.