Aldundiak dionez, Bizkaiko egoitzek otsailaren amaieran edukiko dute 'talde immunitatea'
Adinekoen zentroetako egoiliarren %96k eta mendekotasun handiak dituztenen zentroetako erabiltzaileen %86k COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosia jaso dute.
Bizkaiko adinekoen egoitzetako erabiltzaileen %96k jaso du COVID-19aren aurkako txertoa, eta helburua otsailaren amaieran egoitzek ‘talde immunitatea’ lortzea dela azaldu du Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzetako diputatuak. 2021eko kontroleko lehenengo osoko bilkura egin zuten atzo [urtarrilak 27] Gernikako Batzar Etxean, eta aldundiak osasun eta ekonomi krisiari aurre egiteko gauzatzen ari den ekintzen berri eman zuen.
Aldundiko arduradunak iragarri zuenez aste honen amaieran Bizkaian dauden 154 zentroetatik 86 zentroetako egoiliarrek txertoaren bigarren dosia jasoko dute, eta prozesua otsailaren erdialdean osatuko da. Bigarren dosi horretatik kanpo geratuko da egoiliarren % 3, jasotzeari uko egiteagatik (230 pertsona) edo alergiak edo beste gaixotasun batzuk direla eta bateraezinak izateagatik (95 egoiliar).
Egoitzetako profesionalen %20,6k uko egin dio txertoa hartzeari
Murillok txertoa hartzeari uko egin dieten profesionalen gaineko datuak ere eman zituen, eta, esan zuenez, egoitzetan behar egiten duten pertsonen % 20,6k uko egin dio txertoa hartzeari. “Aldundiaren hurrengo kezka etxean dauden eta mendekotasun handia daukaten pertsonei eta haien zaintzaileei txertoa jartzen hastea da”, esan zuen. Gizarte Ekintza Sailaren menpeko zentroetan daudenei dagokionez, erabiltzaileen %86k jaso du txertoa eta %3k uko egin dio hartzeari (25 pertsonak).
Alderdien kezkak. Batzarretako Talde Berezia PPBk Aldundiak Bizkaian txertaketaren erritmoa bizkortzea exijitu zuen, Asturiasko egoera adibide jarrita; Asturiasen, txertoaren lehenengo dosia urtarrilaren 8an eman zutela esan zuten. “100.000 biztanleko 546 pertsona kutsatu direla kontuan hartuta, ez dela erreserbetako garaia”, adierazi zuen Amaya Fernandez bozeramaleak.
Egoitzetako profesionalen bajak betetako lan poltsak 3.162 profesional dituela jakitera eman du aldundiak
EH Bilduk, berriz, egoitzetan profesionalen bajak betetzeko zabaldutako lan-poltsaren gaineko datuak eskatu zituen, eta baita Aldundia lurraldeko zentroetako osasun egoera hobetzeko hartzen ari den neurrien gaineko datuak ere. Bizkaia izatea kutsatze tasarik txarrena daukan lurraldea, eta egoitzetako erabiltzaileen % 37 birusak kutsatu izanak atsekabea eragiten ziola esan zuen Izaskun Duquek: “Azken astean 18 hildako egon dira”.
Murillo defenditu egin zen, eta egindako proba eta ikuskapen kopuruaren gaineko datuak eman zituen: “Inoiz baino gehiago ari gara esku hartzen. Bizkaiko egoitzetan egunero 330 PCR egiten dira. Pandemian 22.000 prebentzio proba eta 25.000 PCR erreaktibo egin dituzte. Gainera, martxotik 4.000 ikuskapen jarduketa egin dira”. Halaber, Aldundiko ikuskaritza eta kontrol zerbitzuak 1.226 bisita tekniko eta 530 elkarrizketa egin dituela telefonoz esan zuen, eta familiek egindako 1.560 informazio eskariri erantzun. “Lan poltsak 3.162 profesional ditu, horietatik 20 medikuntzan lizentziadunak dira eta beste 52 OLT. 52 zentrok erabili dute poltsa ordezkapenak egiteko”.