Martxan daude Etxebarriko ur parkea egiteko lanak
50 metro koadroko eremu baten era askotako txorroak jarriko dituzte. Skateparkearen ondoan eraikiko dute Splash parkea.
Aste honetan hasi dituzte Etxebarriko Ibaun parkean eraikiko duten ur txorroen parkeko lanak. Astelehenean hasi zituzten beharginek zulaketa lanak, eta Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkateak azaldu duenez, maiatzerako amaituta egotea dute asmoa.
Aisialdi gune bat prestatu nahi du udalak Ibaungo berdegunean. Joan den urtean skateparka inauguratu zuten, eta haren ondoan joango da Splash parkea deitu duten ur txorroen parkea.
50 metro koadroko eremu baten era askotako txorroak jarriko dituzte, eta atsedenerako edo eguzkia hartzeko lekua edukiko du ondoan. Horren bueltan, babes modura, hesi bat jarriko dute.
Joan den urtean ziren hasteko lanak, baina COVID-19 gaitza dela eta atzeratzea erabaki zuten. Horrela, obra guztia aurten gauzatuko dute. Splash parkearen bigarren fasea aurrera eramateko 80.000 euro gorde dituzte aurtengo aurrekontuetan; aurreko urtean beste 85.458 euro bideratu zituzten.