Mikel Agirre ondarrutarrak 2. mailako Aizkolari Bizkaiko Txapelketa lehiatuko du asteburuan
"Gozatzea eta ahalik eta lan onena" egitea da aizkolari ondarrutarraren helburua. Domekan Diman lehiatuko dituzte 1. eta 2. mailetako banakako Bizkaiko aizkolari txapelketak.
1. eta 2. mailetako Bizkaiko Banakako Aizkora Txapelketak jokatuko dituzte domekan [urtarrilak 31], 11:00etan hasita, Dimako frontoian, eta Mikel Agirre ondarrutarra ariko da 2. mailako lehian.
Lan on bat egitea eta bere buruagaz gustura geratzea da ondarrutarraren helburua. Ezkerreko eskumuturrean min hartuta egon da: “Aurtengoa ezin izan dut ondo prestatu, eskumuturrean eduki dudan lesiotik irten berri naiz. Ondo pasatzera eta gozatzera joango naiz, ahalik eta lan politena egitera. Hurrengo urtera begira eskua ondo zaindu beharko dut”.
Hamar aizkolari ariko dira 2. mailako txapela lortzeko lehian. Hauek dira Agirregaz batera ariko direnak: Xabier Gartzia Utxu, Aritz Oregi, Beñat Amade, Unai Aldape, Aritz Irazabal, Daniel Lopez, Daniel España, Marco Nevado eta Fermin Santamaria.
1. mailako aizkolariak sei izango dira: Atutxa II, Larrea III, Hodei Ezpeleta, David Naredo, Beñat Lekue eta Ioritz Gisasola Zelai IV.
2. mailako aizkolariek bi kanaerdi (54 ontza), 60 ontzako enbor bat eta oinbiko bat (72 ontza) moztu beharko dituzte, eta 1.mailakoek lan bikoitza egin beharko dute.
Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen arduradunek zehaztu dute txapelketa honetatik 3. mailarako sailkapena egingo dutela, eta bi mailetako txapelketen artean, orga joko txapelketa ere jokatuko dute.