Mikel Iriondo ondarrutarra bere kategoriako onena izan da Bizkaiko Open Master Sari Nagusian
Bizkar modalitatearen 50m, 100m eta 200m-ko probak irabazi ditu.
Ondarroako Mikel Iriondo igerilariak Bizkaiko Open Master Sari Nagusian hiru garaipen eskuratu zituen domekan [urtarrilak 24], Getxon. Hain zuzen, bere kategoriako 50m, 100m eta 200 m-ko bizkar modalitateko probetan parte hartu eta hirurak irabazi ditu Swim Camp Getxo klubeko kideak. 40-44 urte bitarteko kategorian lehiatzen da ondarrutarra.
50m-koan 28 segundo eta 66 ehuneneko marka egin zuen, 100m-koan 1:02.87 eta 200m-koan 2 minutu, 18 segundo eta 57 ehunenekoa. Balorazio “nahiko ona” egin du, eta zehaztu du 200 m-koan nahi (ez dozten urten nahi naben moduan), bestela, aspaldian lehiatu barik egon eta lehenengo txapelketa izateko nahikoa pozik egon nintzen.
Espainiako Txapelketa prestatzen aritu da Iriondo, eta hara begira ze mailatan zegoen ikusteko baliatu nahi zuen Bizkaiko txapelketa: “Ze denbora egiten nuen ikustea zen helburua”. Bi aste barru, otsailaren 6an, jokatzekoak ziren Castellonen, baina bertan behera utzi dute, pandemiaren bilakaeragatik. “Getxon ere egoera ez da ona, eta domekakoa ere dudan egon zen, eta azkenean egin zen, eta behintzat zer edo zertan lehiatzeko aukera eduki dut. Espainiakorako zelan nengoen ikusteko proba egin nahi nuen. Denborak ikusita, nahikoa ondo prestatu naizela esan daiteke”, azaldu du igerilariak.
Ia urtebete lehiatu barik egon eta gero, behintzat Getxon egin duten openean parte hartu izanagatik pozik dago. Izan ere, osasun larrialdi egoera baldintzatuta, iaz igerilekuan txapelketa bakarra egin ahal izan zuen. Otsailean Santurtziko trofeoan parte hartu zuen, eta horrez gain, irailean, itsas-zeharkaldi bat egin zuen Xixonen.