Munitibar gune gorritik atera da
Nahiz eta Berriatuak, Mendexak eta Munitibarrek 500eko tasa gainditu, ez dituzte betetzen Jaurlaritzak 5.000 biztanle baino gutxiago duten herriak gune gorrian sartzeko ezarritako irizpideak. Markina-Xemeinek, Ziortza-Bolibarrek, Lekeitiok eta Gizaburuagak gune gorrian egoten jarraitzen dute. Ondarroa gune laranjan sartu da.
Jaurlaritzak gaur [urtarrilak 28] argitaratu duen txosten epidemiologikoaren arabera, Gizaburuagak, Ziortza-Bolibarrek, Markina-Xemeinek eta Lekeitiok gune gorrian egoten jarraitzen dute. Hasiera batean Jaurlaritzaren txostenak Ziortza-Bolibar gune gorritik kanpo geratzen zela jaso du, baina gero zuzenketa egin dute. Zuzenketa egin dutenerako, baina, HITZAren papereko alea inprentara bidalita zegoen.
Munitibarrek, Berriatuak eta Mendexak 500eko tasa gainditzen badute ere, gune gorrian egoteko baldintza guztiak ez dituzte betetzen. Izan ere, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte herrien kasuan, ondoko irizpideak hartzen dituzte kontuan gune gorrian sartzeko:
- Azken 14 egunotan COVID-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua udalerrian 500ekoa edo handiagoa izatea 100.000 biztanleko.
- Azken 14 egunotan COVID-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua udalerriari dagokion oinarrizko osasun-eremuan 500ekoa edo handiagoa izatea 100.000 biztanleko.
- Udalerrian COVID-19aren kasu positiboen kopurua azken 7 egunetan 2 baino gehiago izatea.
Hala, astelehenean ez modura, barikutik aurrera [urtarrilak 29] ostalaritza establezimenduak zabaldu ahalko dituzte Munitibarren (herri hori gune gorrian zegoen gaur arte).
Bestalde, azken 24 orduetan 11 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 5 Markina-Xemeinen, 3 Ondarroan, 2 Mutrikun eta 1 Ziortza-Bolibarren. Ondarroa, gainera, gune horian egotetik gune laranjan egotera sartu da.
Gaur gaurkoz, ondokoa da herriz herriko intzidentzia tasa:
- Amoroto: 481,93
- Aulesti: 149,70
- Berriatua: 715,99
- Etxebarria: 268,46
- Gizaburuaga: 3.000
- Ispaster: 0
- Lekeitio: 1.065,45
- Markina-Xemein: 1.631,84
- Mendexa: 635,59
- Munitibar: 1.310,04
- Mutriku: 451,64
- Ondarroa: 326,84
- Ziortza-Bolibar: 2.277,90