Iker Jimenezen 'Cuarto Milenio' saioak Lekeitio bisitatuko du domekan
Domekan [urtarrilak 31] 22:54ean hasiko da saioa. XVI. mendean Lekeitiok jasandako izurriteak herrian nola eragin zuen aztertu eta gaur egungo pandemiarekin alderatuko dute. Besteak beste, hainbat herritar elkarrizketatuko dituzte.
Iker Jimenez telebista aurkezle gasteiztarrak gidatzen duen Cuarto Milenio programak Lekeition egingo du geldialdia domekako saioan [urtarrilak 31]. Programa Cuatro katean ikusi ahalko da, 22:54etik aurrera. Garraitz irla ardatz hartuta, 1578. urtean herrian egondako izurritea egungo pandemiarekin alderatuko du saioak. Erreportajea Carlos Largo erreportariak gidatuta badago ere, Ibon Perez kazetari lekeitiarrak landutako gaia da.
Irlan egindako aurkikuntzak azaleratzeaz gain, XVI. mendeko izurriteak suposatu zuena gogora ekarriko dute. Horretarako, herriko abade izan zen Benito Ansola elkarrizketatuko dute, eta baita ere Guillermo Ruiz de Erentxun Atabaka kultur elkarteko kidea. Azken hori izan da, hain zuzen ere, Garraitz irlan egindako aurkikuntzetan burubelarri ibili denetako bat. Atabakak, gainera, Garraitz irla balioan jartzeko proiektua dauka gauzatuta (Garraitz25). Eurekin batera, Ibon Perez kazetaria, Alfredo Moraza Aranzadiko arkeologoa, Juan Gondra Rezola medikua eta Enrique Echazarra ikerlari eta dibulgatzailea ere elkarrizketatuko dituzte. Azken horrek mitologiari buruz hitz egingo duela aurreratu dute.
Perezek HITZAri azaldu dionez, XVI. mendeko izurrite hark gogor kolpatu zuen Lekeitio. “Galera handiak eragin zituen, bai ekonomikoak eta baita pertsonalak ere. Izan ere, izurritea eta gero, Lekeitio 3.000 biztanle ingurugaz geratu zen”. Horrez gain, izurritea herrira nola heldu zen ere azalduko dutela dio Perezek. “Garraitz irla zertarako erabiltzen zen? Non egon zitezkeen gaixoak? Zer egiten zuten haien gorpuekin? Galdera horiei guztiei erantzungo diegu”, dio kazetari lekeitiarrak. Erreportajea lantzeko, informazioa han eta hemen batzen ibili direla ere argitu du Perezek; besteak beste, Bizkaiko Elizbarrutiko Artxiboa arakatzen ibili dira. “Muy Interesante aldizkarian artikulu bat argitaratu nuen, eta Largori interesgarria iruditu zitzaion. Horrela jaio da erreportaje hau”.
Domekakoa, baina, ez da inguru hauetan kokatuta egongo den erreportaje bakarra. Izan ere, Perezek aurreratu du Lea-Artibai eta Mutrikun eta Busturialdean kokatutako erreportaje gehiago ere egingo dituztela.
Saioa zuzenean ikusteko aukera ez dutenek, Internet bidez edozein momentutan ikusteko aukera daukate, Mitele plataformatik.