Ondarroako Herribus zerbitzua txartel bereziagaz ordaindu ahalko da
Lurraldeko garraio publiko zerbitzuetan modura, astelehenetik aurrera Ondarroako Herribus zerbitzua ere txartel berezi bategaz ordaindu ahalko da. Txartel bakoitzak 10 bidaia egiteko aukera eskaintzen du, eta Herribusean bertan erosi eta kargatu ahal da.
Ondarroako Udalak pertsonen arteko kontaktuak gutxitzeko helburuagaz atera du Herribus zerbitzuaren txartela; astelehenetik aurrera erosi eta erabili ahalko dira txartelak. “Txartela erabiltzearen helburua eskutik eskura ahalik eta txanpon gutxien erabiltzea da; pertsonen arteko kontaktuak saihesten dira”. Esan dutenez, txartela erabiltzeak ez du inolako deskonturik suposatzen. “Txartelagaz ordainduta edo esku dirutan ordainduta, bidaiak berdin balio du”. Bidaiari arruntentzako, bidaia bakoitzak 0,80 euro balio ditu, eta bidaiaria erretiratua bada, 0,50 euro.
Txartela erosi nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dituzte, eta bi urterako balioa daukala argitu dute. “Txartela autobusean bertan erosi behar da”. Zehaztu dute bi koloretako txartelak daudela: berdea (bidaiari arruntentzako) eta urdina (erretiratuentzako). Txartel bakoitzak gehienez ere 10 bidaia egiteko dirua sartzea onartzen du. Hau da, bidaiari arruntek gehienez ere 8 eurorekin kargatu ahalko dute txartela, eta erretiratuek 5 eurorekin. “Txartelak autobusean bertan kargatu behar dira, eta autobuseko sarrerako makinatik pasatu beharko da bidaia ordaintzeko. Txartela pasatzerakoan, makinak berak adieraziko du txartelari zenbateko kopurua geratzen zaion”.
Zunbel Bedialauneta Ondarroako alkateak esan duenez, txartelaren erabilera “oso erraza” da. “Funtzionamendu berrira laster ohituko gara denok”.
Zerbitzua, Jai Alairen esku. Txartel sistemaren berri emateaz batera, udalak jakinarazi du astelehenetik aurrera [otsailak 1] Herribus zerbitzua Jai Alai enpresak eskainiko duela; orain arte Bustindui enpresak eskaini du zerbitzua. “Zerbitzu publiko guztiekin egin bezala, udalak lehiaketara atera zuen zerbitzu hau hornitzeko deialdia, eta Jai Alai enpresak irabazi du lehiaketa”. Ordutegia orain arteko berdina izango dela –beherago ikusgai– eta Jai Alairen autobusak irisgarritasun baldintzak bermatzen dituen plataforma daukala gaineratu dute.