Laneratze zerbitzua eskainiko dute, koronabirusagatik lana galdu dutenentzat
3R Enplegu Programa Berriatuako, Etxebarriako, Ispasterko, Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako biztanleei dago zuzenduta. Zabalik dago izen ematea.
Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko enplegua sustatzeko abiarazitako 3R Enplegu Programari esker, laneratzeko zerbitzu berria eskainiko dute Lea-Artibai eskualdean. Leartibai Garapen Agentzia eta Behargintza arduratuko dira martxoaren 14az geroztik lana galdu dutenei laguntzeko zerbitzua emateaz. “COVID-19ak sortutako krisia dela eta, zenbait pertsonek lana galdu dute azken hilabeteetan. Programaren helburua da lana galdu dutenei laguntza, orientazioa eta aholkularitza ematea, lana ahalik eta lasterren aurkitu dezaten”.
Laneratze zerbitzua emango dutenek nabarmendu dutenez, pandemiaren ondorioz lanik barik geratu diren Berriatuako, Etxebarriako, Ispasterko, Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako biztanleei dago zuzenduta programa. “Eskualdean lanik barik geratzen den jendea noraezean ez gelditzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Izena ematen dutenei, berrorientatzeko eta birgaitzeko zerbitzua eskainiko diegu, berriro lan merkatuan sartzeko helburuagaz. Dituzten beharrak identifikatu eta horien arabera tailerrak antolatuko ditugu. Besteren artean, zelan egin elkarrizketak, curriculumak zelan prestatu eta bilaketa aktiboa eginda zelan bilatu lana erakutsiko diegu”.
Izena emateko epea zabalik dago. “Martxoaren 31n amaitzen da programa”. Parte hartzeko interesa daukatenek Leartibai Garapen Agentziak Lekeition (Sabino Arana, 14, behea), Markina-Xemeinen (Lea-Artibai Berrikuntza Gunea, 1. solairua) eta Ondarroan (Kanttoipe z/g) dituen bulegoetara hurreratu edo enplegua@leartibai.com helbidera posta elektroniko bat bidali beharko dute.