Gorka Bosque: "Ez nuen espero hasiberrien mailako lehen urtean txapelketa irabaztea"
Pilotu mutrikuarrak Espainiako Open Easy Race Txapelketa irabazi du SuperBike 1000 mailako hasiberrien kategorian. Aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako denboraldia egin du.
Nola heldu zinen motorren mundura?
Duela bost bat urte hasi nintzen zirkuituan ibiltzen. Bestelako motorra daukat, eta hainbat irteera egiten ditugu kuadrillan. Abiadura betidanik gustatu izan zait, eta lagun batek zirkuitu bat probatzera animatu ninduen. Kaleko motorrekin Los Arcoseko (Nafarroa) eta Paueko (Frantzia) zirkuituetan ibiltzen hasi ginen. Asko gustatu zitzaidan esperientzia, eta 2015ean bigarren eskuko zirkuituko motor bat erostea erabaki nuen.
Nolako motorra zen?
Zirkuituetan erabili ahal izateko prestatuta zegoen SuperBike 1000 mailako Yamaha R1 motor bat erosi nuen. Probatu eta kalekoarekin alderatuta, sekulako aldea igarri nuen. Batez ere, Nafarroako zirkuituan ibiltzen nintzen, baina beti toki berean ibili ondoren, txapelketak egiten dituzten beste zirkuitu batzuk probatzen hasi nintzen. 2017an nire lehen lasterketak lehiatu nituen. Afizionatu mailako lasterketa gutxi batzuetan parte hartu nuen. Sailkapenean lehen bosten artean amaitzen nituen lasterketak, eta zerbait egiteko gai nintzela sinesten hasi nintzen. Neure burua berotu, eta 2019an txapelketan parte hartzera animatu nintzen.
“COVID-19a dela eta, bost lasterketa ordez, lautara erabaki zen dena”
Nola joan zen txapelketa?
Arazoak eduki nituen. Bi bider izorratu nuen motorra, eta 2019ko txapelketan parte hartzea ezinezkoa izan zen.
Hala ere, zure helburuarekin jarraitu zenuen. Motorra konpondu eta saldu egin nuen. Aurretik nuen motorra nahikoa zaharra zen, 2006koa, eta txapelketan ganoraz parte hartu ahal izateko gaur egungo teknologia zeukan motor bat erostea komenigarriagoa zela iruditu zitzaidan. Lagun bati 2016ko Kawasaki ZX10 bat erosi nion eta, hala, 2020eko txapelketan izena eman nuen.
Hainbeste amestutako txapelketa, baina, bertan behera geratzeko zorian egon zen.
Txapelketako lehen lasterketa Madrilgo (Espainia) Jaramako zirkuituan jokatu behar genuen martxoan, baina COVID-19a dela eta, bertan behera geratu zen. Antolatzaileek txapelketarekin aurrera jarraitzea lortu zuten, baina bost lasterketa jokatu ordez, lautara erabaki zen dena.
Eta nolakoa izan zen txapelketako lehen lasterketa?
Cartagenan (Murtzia, Espainia) hasi zen txapelketa. Oso urduri nengoen. Dena berria zen niretzat. Lehenengo entrenamenduetan nahikoa motel ibili nintzen, baina lasterketa aurreko txandan hobeto ibili nintzen. Irteera parrillatik seigarren irten nuen. Hala ere, nire kategoriako azkarrena izan nintzen. Lasterketa guztia adi ibili behar izan nuen, kategoriako hurrengoa hiru postu atzetik zetorren eta. Lasterketa ondo hasi nuen, baina zazpigarren bueltan, azkarregi nindoan, eta errebuelta batean atzeko gurpilak irrist egin eta erortzeko zorian egon nintzen. Neure burua lasaitu, eta lasterketari ekin nion. Helmugara iritsi eta boxetan emazteak nire kategoriako azkarrena izan nintzela esan zidanean, ez nuen sinistu ere egiten. Txapelketako lehen lasterketa irabaztea sekulakoa izan zen; inoiz ahaztuko ez dudan eguna.
Bigarren lasterketa nola joan zitzaizun?
Nafarroan izan zen bigarrena. Arazo mordoa eduki nituen. Bosgarren irten nuen, eta lehen errebueltan atzetik zetorren batek jo eta pistatik kanpora bota ninduen. Erortzeko zorian egon nintzen, justu-justuan libratu nintzen. Motorrari ere ez dakit zer gertatu zitzaion, kontrol eta laguntza elektroniko guztia desaktibatu egin ziren. Lasterketak iraun zuen tarte guztian motorrak itzaltzeko eskatzen zidan, baina burugogorra naizenez, ahal nuen modura eutsi nuen. Lasterketari ekin orduko, hainbat postu galdu nituen; 21. postura arte amildu nintzen. Hasiberri kategoriako aurkari guztiak, ordurako, aurretik zihoazen. Pixkanaka, aurretik zihoazen asko aurreratzen hasi nintzen, eta zailtasunak zailtasun, nire kategorian hirugarren amaitu nuen. Lasterketa oso gogorra izan zen, kolpearen ondorioz, orkatilako minez egin nuen ibilbide guztia, eta motorrean nuen arazoaren ondorioz ere, aldagailurik ere ezin aldatuta ibili nintzen; martxak eskuz aldatu behar izan nituen, eta ohiko abiadura puntarik hartu ezin nuenez, aurkariek aurrea hartzen zidaten bide zuzenetan.
Eta hirugarrenean?
Valentzian bigarren amaitu nuen. Ez nuen inolako arazorik izan, baina Nafarroako zirkuituko entrenamenduetan eduki nituen hiru erorikoen ondorioz, errespetua hartu nion motorrari. Horrek asko baldintzatu ninduen, eta ez nuen behar beste gozatu.
Azken lasterketan hobeto moldatu zinen?
Jerezen nire kategorian laugarren amaitu nuen, baina lasterketa bigarren edo hirugarren postuan amaitzeko aukerak ere eduki nituen. Hasiberrien kategoriako txapelketan atzetik nuen aurkaria 7 puntura nuen bakarrik. Ez dira puntu asko, eta edozein akats eginda, txapelketa irabaztea jokoan jartzen nuen. Jerezen podiumera igotzea baino, txapelketako lehen postuari eustea zen garrantzitsuena. Azkeneko bueltara arte nire aurkaririk nagusiena atzetik eraman nuen, metro gutxira ibili zen lasterketa osoan. Azken bueltan aurrea hartu zidan, eta aurrea hartzeko tentatuta egon banintzen ere, gauzak lasai hartu, ez arriskatzea eta txapelketako lehen postuari eustea erabaki nuen. Egia esan, lehen hiruren artean amaitu ez banuen ere, asko gozatu nuen; ez nuen presiorik.
“Langabezian geratu naiz, eta aurtengo txapelketa osoa jokatzeko gastuei aurre egitea ezinezkoa da”
Denboraldiko zailena zer izan da?
Zailena alde psikologikoari buelta ematea izan da. Hainbat bider erori naiz zirkuituan, baina Nafarroako zirkuituan entrenatzen ari nintzela edukitako erorikoak bereziki eragin zidan. Oso lehiakorra naiz, eta beldurragatik ezin aurrera egin ahal izatea nahikoa frustragarria izan da.
Denboraldiari buruzko zer balorazio egingo zenuke?
Hasiberrien mailako lehen urtean txapelketa irabaztea ez nuen espero. Sekulako maila dago, eta ez nuen espero lasterketa bat irabaztea, eta gutxiago txapelketa bera. Lehen bosten artean egon ahal izatea espero nuen, baina ez hainbeste. Nire ametsa txapelketa batean parte hartzea zen, eta ahal izanez gero, lasterketa bat irabaztea. Aurreikuspen guztiak gainditu ditut. Sailkapen nagusian ere lehen hamarren artean amaitu dut; izugarria iruditzen zait.
Txapelketa hastear dago. Parte hartzeko asmorik baduzu?
Txapelketarik ez dut jokatuko aurten. Langabezian geratu naiz, eta aurtengo txapelketa osoa jokatzeko gastuei aurre egitea ezinezkoa da. Oso kirol garestia da. Egutegia argitaratu dute, eta ekainean AlcaƱizen (Zaragoza, Espainia) lehiatuko den lasterketan parte hartzea erabaki dut. Lasterketa bakarrean parte hartuko dut, eta nire asmoa da gozatzera ateratzea.