Maiatzaren 9ra arteko ospakizunak bertan behera utzi dituzte Markina-Xemeinen
Udalak sare sozialen bidez jakinarazi du urtarrilaren 28ko Tokiko Gobernu Batzarrean hartutako erabakia.
“Egungo egoera epidemiologikoa eta Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak hartutako azken neurriak ikusita, Markina-Xemeingo Udalak erabaki du datozen hilabeteetako jai eta ospakizunak bertan behera uztea, gutxienez maiatzaren 9ra arte”. Udalak sare sozialen bidez jakinarazi du erabakia urtarrilaren 28ko Tokiko Gobernu Batzarrean hartu zutela.
Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera maiatzaren 9ra arte dago ezarrita, gutxienez. Beraz, erabakia hartzerakoan data horretara arteko jaiak bertan behera uztea adostu dute. “Egungo egoerak ezinezkoa egiten du ospakizun handiak modu seguruan aurrera eramatea”, esan dute. Ondokoak dira bertan behera geratu diren ospakizunak: Santa Ageda, Txitxiburduntzi, Inauteriak eta Baserri/Okela Eguna.