Txakurren ordenantzari buruzko gida kaleratu dute Ondarroan
Proiektuaren helburua gaiari buruz kontzientziatzea eta herritarren eta txakur jabeen eskubide eta betebeharrak argitzea dela esan du udalak.
Herritarren eta txakurren arteko elkarbizitza hobetzeko eta Ondarroan animaliak eduki eta babesteko ordenantza arautzailea azaltzeko gida kaleratu du Ondarroako Udalak. Txakurrak eta gu. Elkarrekin bizitzeko gida izeneko gida gaur [otsailak 2] aurkeztu du udalak, Ondarruko Txakurrak Babesteko Elkarteko zenbait ordezkarirekin batera egindako aurkezpenean. “Proiektu honen helburua kontzientziazioa eta bakoitzaren eskubide eta betebeharrak argitzea da”, esan dute udal iturriek.
Proiektua garatzerako orduan, txakurrak solte egoteko leku eta ordutegiak zehazten dituen eskuorriak argitaratu dituzte; udaletxean daude eskuragarri eta etxez etxe ere banatuko dituzte. Bide beretik, seinaleak ipini dituzte herriko hainbat gunetan. “Batzuk, txakurrak lotuta eraman behar direla gogorarazten dute. Beste batzuek, txakur kakak derrigor batu behar direla eta, gainontzekoek, txakurrak solte ibiltzeko leku eta orduak azaltzen dituzte”.
Dongre azpiko lursailean galdutako txakurren harrera eta zainketa egiteko gune bat eraikiko dute.
Txakur kakek sortzen duten arazoaz jakitun, gorozkiak jasotzeko dei berezia egin diete jabeei. Udalak eta txakur jabeen elkarteko kideek zehaztu dutenez, txakur jabe gehienek batzen dituzte euren txakurren kakak.”Ez da bidezkoa batzuek txarto egiten dutelako txakur jabe guztiak seinalatzea”. Hala eta guztiz ere, herriko kaleetan txakur kaka asko agertzen direla dio udalak, eta arazo horri konponbidea emateko nahia agertu dute. “Txakurra duenak eskubide eta betebehar batzuk ditu; betebehar horietako bat bere txakurraren kaka batzea da”.
Ildo beretik, saltokien erakusleihoetan, etxe atarietan eta umeen jolasguneetan txakurrei pixik egiten ez uzteko eskatu du udalak. “Herritar askoren kexa da azkenaldian txakur askok denden sarreretan edo erakusleihoetan pixa egiten dutela. Etxe atarietan eta umeenĀ jolasgune batzuetan ere pixa egiten duten txakurrak ere badaudela baieztatu da. Gogorarazi nahi dugu txakurrei ezin zaiela utzi behar pixik egiten besteenak diren jabetzetan, eta are gutxiago denda, etxeko sarrera edo umeen jolasguneetan“. Txakurrak kalean pixa egiten duenean ur apur batekin garbitzeko eskatu dute, “pixa kale erdian geratu ez dadin”.
Herriko elkarteagaz elkarlanean, bestalde, galdutako txakurren harrera eta zainketa egiteko gune bat eraikiko du udalak. Gunea Dongreneko eraikinaren azpiko lursailean egongo dela iragarri dute. “Lursail horretan galdutako txakurrentzako etxola bat ipiniko dugu, elkarteko kideek txakurra hor zaindu dezaten jabea agertu bitartean”.
Ordenantzan jasota dagoen moduan, Zaldupe atzeko lursailean txakurrentzako zabalgune bat egiteko asmoa ere agertu du udalak. “Lehengo futbol zelai zatia dagoen eremua atondu eta hesitu egingo da. Horrez gain, aulki batzuk eta txakurrei egokitutako iturri bat ere ipiniko da. Lan horiek aparkaleku asfaltatzeko lanak hasten direnean egingo dira. Lur eremu zabal horren ardura duten beste erakunde batzuekin harremanetan gaude lanak ahal bezain arinen hasi ahal izateko”.