Zeta Zine Kluba jaio da Ondarroan, zinemazaletasuna berpizteko nahiagaz
Taldeak domekan emango dio hasiera denboraldi berriari. Hurrengo hilabeteetan estilo eta gai desberdinetako film ez komertzialak proiektatuko dituzte Beikozinin.
Ondarroako Zeta Zine Klubak duela gutxi hasitako ibilbideari domekako [otsailak 7] lehen proiekzioagaz emango dio hasiera ofiziala. Taldea osatzen duten kideek zinemak herriko kultur eskaintzan tokia edukitzeko apustu sendoa egin dute, eta hartara, hilero helduentzako eta umeentzako film bana eskainiko dute. “Gure asmoa da, udan izan ezik, hilabetero helduentzako filma bat eta umeentzako beste bat proiektatzea”.
Denboraldi berriari ekiteko gogotsu daudela azpimarratu dute. Eta Ondarroako Udalak emandako diru laguntzari esker, aurtengo zikloa egin ahalko dutela esan dute. Hurrengo hilabeteetarako programazioa prest dute; estilo eta gai desberdinetako film ez komertzialak izango dira nagusi. “Eskainiko ditugun filmak estreinaldiak ez badira ere, jaialdiz jaialdi ibilitakoak dira. Batzuek sariak ere irabazi dituzte eta beste batzuek kritika oso onak eduki dituzte”.
Zikloa domekan [otsailak 7] estreinatuko dute. Andre Wood zuzendariaren AraƱa thriller politikoa eskainiko dute 18:00etan Beikozinin. Otsailaren 21ean, ostera, Gazte harrigarria, T.S. Spivet umeentzako abentura filma eskainiko dute 17:00etan, Beikozinin. Sarrerak aretoko lehiatilan egongo dira salgai 2 euroan; edukiera 104 eserlekura mugatuta dagoela esan dute. Unean uneko osasun protokoloa betearaziko dute aretoan. Maskara jantzia eraman beharko da uneoro eta areto barruan ezingo da ezer jan ezta edan ere.
Zikloagaz, gainera, zinema emanaldiak sasoi batean zinema izandako Beikozini aretora bueltatuko dira. “Ondarroan dagoen zinema areto bakarrak filma bat proiektatzeko beharrezko baldintzak ez ditu betetzen gaur gaurkoz. Beikoziniko atea jo genuen, eta baietz esan ziguten. Aretoa zinema izan zen, eta bertako jabeek zinemarekiko sentsibilitate berezia dute. Oso ondo portatu dira gurekin. Sasoi batean erabiltzen zituzten sarrerak gordeta zituzten, eta txarteldegian erabili ahal izateko eman egin dizkigute”.
Taldea bost herritarrek osatzen dute. Batzeko arrazoi nagusia herrian zinemazaletasuna bultzatzea izan dela nabarmendu dute; belaunaldi berri bat kultur diziplina horretan hezi nahi dute. “Dagoen areto bakarra ez dago martxan eta zinemagaz gozatu ahal izateko beste toki batzuetara joan behar zara. Gaur egun edozein plataforma digitali esker edozein estreinaldigaz gozatzeko aukera dago, baina gure asmoa da zinemaren xarma eta kultura umeek ere barneratzea. Hori dela eta, zinema herrira ekartzeko apustu sendoa egin dugu”.
Taldeko ateak zabalik dituztela iragarri dute. Taldean parte hartzeko interesa dutenek taldekideren batengana hurreratzeko edo zetazineklubtaldea@gmail.com posta elektronikora idazteko eskatu dute.