Bazkidetza kanpaina burutuko dute Mutrikun, Minbiziaren Aurkako Egunean
Eguenean eta barikuan Goiko Plazan ipiniko duten karpan bazkide egiteko aukera egongo da. Karpa 09:30etik 13:30era egongo da zabalik. Zabiel Jauregia ere berdez argiztatuko dute.
Eguenean [otsailak 4] Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta egun horren harira, AECC Gipuzkoa Elkarteko kideek bazkide berriak lortzeko kanpaina burutuko dute Mutrikun. Bazkidetza kanpainan parte hartzeko interesa duten herritarrek Goiko Plazan jarriko duten karpara hurreratu beharko dute. “Karpa eguen [otsailak 4] eta bariku [otsailak 5] goizean egongo da zabalik, 09:30etik 13:30era”. Bazkide berrien ekarpen solidarioei esker, erakundeak Debabarrena eskualde guztian egiten dituen ekintzak diruz lagundu ahal izango direla esan dute.
Beste urte batzuetan egin ohi den modura ere, Zabiel Jauregia berdez argiztatuta egongo da datozen egunetan. Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna eguenean bada ere, ekintzari ahalik eta ikusgarritasun gehiago emate aldera argi berdeak eguenetik astelehenera [otasilak 8] piztuta egongo direla adierazi dute elkarteko boluntarioek.
Gaixotasunari lotutako datuek oraindik ere kezkagarriak izaten jarraitzen dutela azaldu dute elkarteko kideek. Minbiziaren Behatokiaren datuen arabera, iaz 4.753 pertsonari diagnostikatu zieten minbizia Gipuzkoan. “Kopuru horretatik %36a, 75 urtetik gorakoak dira. Tumore gaizto ohikoenak kolon eta ondoestekoa, bularrekoa, prostatakoa eta biriketakoa dira”. Juan Ormazabal AECC Gipuzkoako presidentearen iritziz, COVID-19aren osasun krisi larriak ezin ditu bigarren maila batean laga gizartea kolpatzen jarraitzen duten beste gaixotasun larri batzuk. “Minbizia hor egon da eta dago, eta pandemia pasatzen denean ere, hor egoten jarraituko du”.
Eskualdean minbizia dutenei eta euren senideei laguntza emateko egoitza bat badagoela ere gogorarazi diete. Egoitza Eibarren dago, Ardantza kaleko 11. zenbakian, eta egunero ematen du zerbitzua, 09:30etik 13:30era. “Han laguntza psikologikoa eskaintzen dute profesionalen eskutik, eta gizarte arloarekin zerikusia duten guztian (laguntzen edo bajen kudeaketa, material ortopedikoaren mailegua…) laguntzen dute, betiere doan, bazkideen aldizkako ekarpenei esker”
Pandemiak eragindako egoera dela eta, laguntza psikologikoa eta gizarte laguntza emateko doako zerbitzua indartu egin dutela ere nabarmendu dute. “Minbizia duten pertsonak zuzenean tratatzen dituzten profesionalek telefonoz edo bideo deiaren bidez laguntza emateko aukera eskaintzen dute”. Eibarko egoitzako telefonoa (943-20 24 94) ere egoitza itxita dagoen orduetan asistentzia bermatzeko aktibatuta dagoela esan dute. “Zerbitzu hori Infocancerren 900- 10 00 36 linearen bidez egiten da. Linea horrek eguneko 24 orduetan ematen du zerbitzua, doan”.