Liburuak, jostailuak, bitxiak eta bestelakoak ere batuko dituzte edukiontzi zurietan
2020an, Debako, Mutrikuko eta Mendaroko biztanleek bereizi zituzten mota horretako hondakin gehien. 2021era begira, edukiontzi zurian batutako hondakinen kopurua gehitzea espero du mankomunitateak.
Debabarrena Mankomunitateak hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzen jarraitzen du. Arropa, oihalak eta ehunak jasotzen dituzten edukiontzi zurietan, aurrerantzean liburuak, jostailuak, bitxiak eta bestelako bazar hondakinak (figuratxoak eta bestelakoak) ere jasoko dituztela jakitera eman dute. “Helburua da ahalik eta hondakin gehien gaika biltzea, baita euren tipologiagatik berrerabiltzen errazak direnak ere”.
Erabilitako arropa eta bestelako hondakin berrerabilgarriak biltzeko zerbitzua lehiaketa publiko bidez esleitu du Mankomunitateak. Hurrengo lau urteetan Koopera irabazi asmorik gabeko enpresak emango du zerbitzua. “Lau urteko zerbitzuak 49.280 euroko kostua izango du”. Gaur gaurkoz, 33 edukiontzi zuri daude eskualdean: 11 Eibarren, 6 Ermuan, 5 Elgoibarren, 4 Deban, 3 Soraluzen, 2 Mutrikun eta bana Mallabian eta Mendaron. “Kontratu berriarekin bi edukiontzi gehiago edukiko ditugu. Horiek non jarri erabaki beharko da orain”.
Bilketa maiztasunak. Hondakin gehien sortzen den udalerrietan (Eibarren, Ermuan eta Elgoibarren) astean hirutan egingo dute bilketa: astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan. Gainerako udalerrietan astean bitan egingo dute bilketa, martitzen eta eguenetan. “Kasu guztietan, bilketa egunez egingo da”.
2021era begira, edukiontzi zurian batutako hondakinen kopurua gehitzea espero du mankomunitateak; 282 tona biltzea da helburua (3,94 kilo biztanleko). “2019an, mota honetako 273 tona hondakin sortu ziren; 2020an, berriz, kopuru hori 255 tonara jaitsi zen”. 2020ari dagokionez, Debako, Mutrikuko eta Mendaroko biztanleek bereizi zituzten mota horretako hondakin gehien. “Lanean jarraituko dugu gainerako udalerriek mota horretako hondakinen gaikako bilketa maila horietara iritsi daitezen”.