Maribel Urkiri Arruti: "Arinago edo beranduago agur esateko ordua ailegatu behar zen"
Eibarko Arrate Irratian Mutrikuko asteroko kronikei ahotsa jarri die mutrikuarrak 24 urtez. Entzuleak abenduan agurtu ondoren, Marije Ituartek hartu du haren lekukoa.
Noiz hasi zinen Eibarko Arrate Irratian?
1996ko ekainaren 5ean egin nuen lehenengo zuzenekoa. Sasoi hartan ez nuen ordenagailurik, eta irakurri beharreko kronika idazmakinarekin idatzi nuen. Kronika hura eta gerokoan idatzitako denen kopiak ere gordeta dauzkat.
Zelan sortu zitzaizun esatari izateko aukera?
Komentuko mojekin hartu-eman handia nuen. Abesbatzan ibili nintzen eurekin, taldean oso gutxi ziren, eta eurekin mojekin kantatzera joaten nintzen. Arrate Irratian nire aurretik ibilitako Xabier Urangaren lekukoa hartuko zuen esatari bat behar zutela esateko deitu zidaten mojek, lan horretarako nirekin akordatu zirelako. Proposamena egin ondoren, irratikoak nirekin harremanetan jarriko zirela esan zidaten. Gerokoan, Bernardo Ibarra irratiko zuzendariak deitu zidan. Esatari lanik sekula ez nuela egin esan nion, baina Bernardok lasai egoteko esan zidan, nik asteroko kronika egiteko eta gero zer iruditzen zitzaien esango zidatela. Lana onartzerako orduan baldintza bakarra ipini zidan: mutrikuarrez egitea. Eta hala hasi nintzen.
Eta asteroko kronika hori noiz egiten zenuen?
Esatari ibili naizen urte guztietan eguaztenetan egin izan ohi nuen zuzenekoa. Udan oporrak edukitzen genituen, hilabetekoak edo hiru astekoak; bestelakoan, astero hutsik egin gabe egin dut zuzenekoa.
Zelan egiten zenuen kronika?
Zenbaitetan grabatu egin genuen joan egin behar nuelako edo antzerako arrazoiren batengatik, baina, normalean, zuzenekoa etxetik egiten nuen. 12:30etik 13:00etara bitartean etxeko telefonora deitzen zidaten, eta hala egiten genuen zuzenekoa. Azkenengo aldietan, esate baterako, 13:00etan bueltan deitzen zidaten. Etxeko telefonoa eskuan hartuta irratitik noiz deituko zain egoten nintzen, eta deitzen zidatenean ordenagailuan neukan kronika irakurtzeari ekiten nion.
“Martitzenean kronika osatuta oheratzea gustatzen zitzaidan”
Aurrez zuzenekoak zenbat denbora iraun behar zuen ezarrita izaten zenuen?
Niri kronika egiteko eskatzen zidaten bakarrik, ez neukan zertan denbora tarte batera mugatu behar. Batzuetan kronika luzeagoak izaten ziren, eta beste batzuetan motzagoak, betiere kontatzeko zegoenaren arabera.
Entzuleek astean behin entzuten zintuzten. Baina hori guztia prestatzen lana egongo da ba.
Dedikazioa eskatzen zidan. Lana baino gehiago, horren ardura eduki dut. Aste osoa hango eta hemengo kontuak batzen pasatzen nuen. Gertaerei buruzko informazioa aurkitu, eta hori ere kronikan sartzen nuen. Informazio asko ordenagailuan jasotzen nuen eta, egia esan, informazio hori ere landu egin behar da. Informazioa jaso ahala kronika osatzen hasten nintzen, eta martitzen arratsaldean batez ere dena osatzen eta ondo ipintzen egoten nintzen, martitzenean kronika osatuta oheratzea gustatzen zitzaidan eta.
Urte hauetan guztietan hamaika pasadizo izan dituzu. Baina baduzu zerbait bereziagatik gogoangarria den bat?
Behin bakarrik gertatu zait, baina telefonoarekin eduki genuen behin gorabehera xelebre bat. Etxeko telefono finkora deitzen zidaten beti. Behin 12:30ak jota, telefonoa ez zebilela konturatu ginen. Asko larritu nintzen. Semea eta biok zer gertatzen zen begiratzen hasi ginen, eta baten batek deitu ondoren etxean ditugun telefonoetako bat ondo eskegi gabe zegoela konturatu ginen. Arazoa konpondu orduko deitu zidaten, eta hutsik egin gabe zuzenekoari ekin nion.
Duela gutxi eskaini zenuen azken zuzenekoa. Arrazoirik izan duzu uzteko?
Azken zuzenekoa abenduaren 30ean egin nuen. Ez dut eduki arrazoi berezirik uzteko. Udaleko, kiroldegiko, zesta-puntako eta bestelako gorabeherak ordenagailuan jaso izan ditut beti. Baina gero informazioa Whatsappetik bidaltzen hasi ziren bateko eta besteak. Nire telefonoak ez du Whatsappik, eta informazioa ganoraz ezin jasota ibiltzen nintzen azkenean. Oso gustura ibili naiz esatari lanak egiten, baina garaiak aldatu egin dira, eta ezin izan naiz denera moldatu. Arinago edo beranduago agur esateko unea ailegatu behar zen, eta momentu hori ailegatu zela iruditu zitzaidan. Abendu hasieran Arrate Irrati-ko arduradunekin jarri nintzen harremanetan, eta zer gertatzen zen azaldu nien. 24 urte eta gero, hil bukaeran azkenak emango nituela esan nien. Erabaki horren berri eman ondoren, nire lekukoa hartuko lukeen inor ezagutzen nuen galdetu zidaten, eta beste bat aurkitzekotan geratu nintzen.
“Irratiko guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke aukera hau emateagatik”
Zure lekukoa hartuko duena aurkitu zenuen?
Bai, noski. Marije Ituarte han-hemenka aurkezpenak egiten ibili izan da beti, eta hari deitu nion. Marijek egindako proposamena onartu, eta martxan ere hasita dago. Entzuten ditut haren asteroko kronikak ere.
Entzuleengandik agurtzeko aukerarik eduki zenuen?
Azken kronika amaitu nuenean denak modu berezian agurtu nahi izan nituen. Hemendik aurrera, ni ere, eurak modura, Arrate Irratiko entzule zintzoa izango nintzela esan nien. Kronika amaitutakoan telefonoa ez eskegitzeko eskatu zidaten, eta zer etorriko zain egon nintzen. Pentsatzen nuen Marijerekin hitz egingo nuela, baina gutxien espero nuena gertatu zen; sekulako ezustekoa eman zidaten. Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea, nik ez nekiela, irratira bertara joan zen, eta hark ere hitz batzuk eskaini zizkidan. Zeharo hunkitu nintzen, malkoak ere irten zitzaizkidan.
Pertsonalki, zelako esperientzia izan da?
Oso ona! Oso gustura egin ditut kronikak. Irratiak xarma berezia dauka eta, egia esan, esperientzia polita izan da. Irratiko guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke aukera hau emateagatik. Entzuleei eta irratikoei nire asmorik onena bidaltzen diet.