Telefonozko iruzur batez ohartarazi dute Ondarroan
Gas edo argi konpainia handien izenean bi bidar deitzen dute iruzurgileek. Lehenengoagaz bezeroaren konfiantza irabazten dute eta bigarren deiagaz datu pertsonalak eskatzen dituzte.
Adinekoei zuzendutako telefono bidezko iruzur kanpaina berri batez ohartarazi du Ondarroako Kontsumo Bulegoak. Esan dutenez, iruzurgileek gas edo argi konpainia handien izenean deitzen dute. Gogorarazi dutenez, oso garrantzitsua da datu pertsonalik edo banketxeko kontu zenbakirik inori ez ematea, “ezta deia fidagarria denean ere”.
Zehaztu dutenez, iruzurgileek bi dei egiten dituzte etxeetara. “Lehenengoan, normalean goizez, jasotako argindarraren azken fakturan COVID-19a dela eta enpresak egiten duen beherapena egin ote dioten galdetzen dute. Normala den moduan, bezeroek ez dute jakiten ea deskontu hori egin dioten. Faktura bat atera eta begiratzeko esaten diote, laster deituko diotela esanda”.
Deia jaso duena zaurgarria dela iruditzen bazaie, iruzurgileek bigarren dei bat egiten dutela ohartarazi dute. “Bigarren dei hori normalean arratsaldez egiten dute (gehienetan beste deitzaile baten bidez). Berriro esaten dute argindar enpresatik deitzen dutela, eta euren datuen arabera, bezeroak enpresa horretan baja eman duela esaten dute. Bezeroak ezeztatu egiten du baja eman izana eta baieztapen batzuk egin behar dituztela argudiatuta, bezeroari datu pertsonalak eskatzen dizkiete. Bi deirekin bezeroaren datu pertsonalak eta banketxeko kontu korronte zenbakia lortu dituzte iruzurgileek”.
Ondarroan oraingoz iruzur hau jasan duen inoren berririk ez daukatela jakinarazi dute, baina esan dutenez, Bizkaiko beste zenbait lekutan antzeko iruzurrak egon dira. Halakoren bat gertatu izanaren zantzuren bat edukiz gero, Kontsumobiderekin harremanetan jartzeko eskatu dute (94-403 24 36 edo kontsumobide@kontsumobide.eus).