Aritz Erkiaga ispastertarra hirugarren sailkatu da Miamiko denboraldian
Abendua eta urtarrila artean lehiatutako denboraldian 160 kinielagaz Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra geratu da txapeldun. Imanol Lopez bigarrenak 113 lortu ditu, eta Erkiagak 83. Alex Goitia Markina-Xemeingo puntista gazteak ere maila altua erakutsi duela esan dute.
Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak nagusitasunez irabazi du Miamiko Jai Alaiko denboraldia. Imanol Lopez zumaiarra sailkatu da bigarren, eta Aritz Erkiaga ispastertarra hirugarren.
Goikoetxeak beste behin agerian utzi du kinieletan daukan maisutasuna eta buruz burukoan aurkaririk ez daukala. 160 kinielagaz gailendu da bi hilabeteko denboraldian; 113 eskuratu ditu Lopezek, eta 83 Erkiagak.
Abenduan eta urtarrilean lehiatu dituzte kinielak Miamin, astean sei egunez, eta hiru saio egun bakoitzean. Kiniela bakoitzean zortzi pilotari aritzen dira. Eta Goikoetxeak jokatu dituen herenak irabazi ditu. Erritmo horri eutsiz, lehiakor eta erregular aritu da, eta ez du lesiorik eduki. Erkiagak, ostera, eskumako besoan eta gerrian (molestiak) ditu.
Amaitu berri duten denboraldian gazteek egindako lana goraipatu dute. Esate baterako, Alex Goitia markina-xemeindarrak maila altua erakutsi du, eta denboraldiaren zati batean onenen parean aritu dela nabarmendu dute. Haren anaia Julenek ere jokatu du, eta Aratz Mendizabal mutrikuarrak profesionaletan debutatuko du Miamiko Jai Alain, bere kirol ibilbidean ikasten eta hazten segitzeko pauso garrantzitsua emanez.
Bestalde, beteranoetako bat den Erik Mendizabal mutrikuarra Miamiko denboraldia hasi eta hamar egunetara hasi zen kinielak lehiatzen, aurretik Daniako frontoian aritu baitzen.