Etxebarria ere gune gorritik kanpo geratu da
Gaur gaurkoz Mutriku eta Lea-Artibaiko herri guztiak gune gorritik kanpo daude. Azken orduetan 9 kasu gehiago erregistratu dituzte: 7 Ondarroan eta bana Berriatuan eta Mutrikun. Ondarroako intzidentzia tasa gero eta altuagoa da. Markina-Xemeingo intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du, eta eguaztenetik [otsailak 10] gune horian dago.
Domekan beteko da hilabete Lea-Artibaiko herri batzuk gune gorrian sartu zirela. Eta intzidentzia tasak behera eginda, gaur gaurkoz Mutriku eta Lea-Artibaiko herri bakar bat ere ez dago gune gorrian. Izan ere, azken egunetan Markina-Xemeingo intzidentzia tasa nabarmen jaitsi bada ere, Etxebarria eta Markina-Xemein gune gorrian zeuden Eusko Jaurlaritzak gaurko [otsailak 11] txosten epidemiologikoan gune gorrian dauden herrien zerrenda eguneratu arte.
Nahiz eta Etxebarriko intzidentzia tasa 500 baino gehiagokoa izan, 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez, hiru baldintza bete behar ditu gune gorrian egoteko: 500etik gorako intzidentzia tasa edukitzea, azken 7 egunetan gutxienez positibo kasu bat erregistratuta edukitzea eta bere osasun eremua gune gorrian egotea (Markina-Xemeingo osasun eremuan sartzen da). Etxebarriak lehen bi baldintzak betetzen baditu ere, bere osasun eremua ez dago gune gorrian eta, ondorioz, gune gorritik kanpo geratu da.
Kasu gehiago. Aipatzekoa da azken egunetan Ondarroan erregistratzen ari diren intzidentziak. Izan ere, egun gutxitan, Ondarroaren intzidentzia tasak nabarmen egin du gora. Eta horren erakusle da azken orduetan erregistratutako kasu kopurua. Guztira 9 kasu gehiago erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 7 Ondarroan eta bana Berriatuan eta Mutrikun.
Gaur gaurkoz, ondokoa da herriz herriko intzidentzia tasa:
- Amoroto: 963,86
- Aulesti: 149,70
- Berriatua: 318,22 (azken orduetan ia 100 puntu igo da)
- Etxebarria: 671,14
- Gizaburuaga: 0
- Ispaster: 134,41
- Lekeitio: 387,44
- Markina-Xemein: 199 (azken orduetan 100 puntu jaitsi da)
- Mendexa: 423,73
- Munitibar: 188,18 (azken orduetan ia 30 puntu jaitsi da)
- Mutriku: 207 (azken orduetan 15 puntu inguru jaitsi da)
- Ondarroa: 443,56 (azken orduetan 50 puntu inguru igo da)
- Ziortza-Bolibar: 0