Familia ikuskizun bat eta txotxongilo saio bat, Markina-Xemeinen
'Kaskarot' familia ikuskizuna zapatuan [otsailak 13] izango da, eta 'Kotondarrak' txotxongilo ikuskizuna astelehenean [otsailak 15]. Bi emanaldietarako sarrerak udaletxeko harrerako kutxazainean erosi ahal dira.
Zapatuan [otsailak 13] eta astelehenean [otsailak 15] kulturaren plaza bihurtuko da Markina-Xemeingo Uni pilotalekua. Izan ere, zapatuan ATX Teatroaren Kaskarot familia ikuskizuna ikusteko aukera egongo da, 18:30ean. Astelehenean, ostera, herriko osasun egoera dela-eta urtarrilean bertan behera geratu zen Anita Maravillas taldearen Kotondarrak txotxongilo ikuskizunaz gozatu ahalko dute herritarrek, 18:30ean baita ere.
Bi emanaldietarako sarrerak udaletxeko harrerako kutxazainean erosi ahal dira, 3 eurotan; Uhagoneko bazkideentzako Kotondarrak ikuskizunaren sarrerak bi euro balio ditu.
ATX Teatroko kideek azaldu dutenez, Kaskarot ikuskizunak egungo tragediarik handiena aipatzen du: «Nola ibiltzen garen etengabe gure buruak definitzen, besteen pare jartzen. Eta nola gure esentzia, irudimena, berezkotasuna, errebeldia ahazten ditugun… beti ere, mundu leun honen alde». Ikuskizun horretan, publiko nagusia umeak izango direla esan dute. «Umeekin batera doazen nagusiak alboratu barik, umeentzako egindako ikuskizuna da».
Kotondarrak-ek, ostera, industria iraultza betean ehungintza industrian emakumeek edukitako langile borroketan du oinarria. «Familia baten begiradaren bidez iruditegi bisual bat sortuko dugu industrializazioaren etorreraz, hirietarako exodoaz, fabrikaren gogortasunaz eta beste hainbat gairen inguruan hitz egiteko». Publiko txikienari kontzeptu «helduak» helarazteko ikuskizuna dela diote.