Itoiz musika taldeari buruzko materiala batzen ari dira, dokumental bat osatzeko
'Itoiz udako sesioak' deritzon dokumentala osatzeko taldeari buruzko materiala behar dutela jakitera eman du Doxa Producciones ekoiztetxeak. Itoiz eta Indar Trabes taldeei buruzko edozein material ongietorria izango dela esan dute.
Mutrikuko musika taldeari buruzko Itoiz udako sesioak deritzon dokumentala prestatzen ari da Doxa Producciones ekoiztetxea. Ikus-entzunezkoa garatzen ari dira une honetan, baina berau osatzeko taldeari buruzko materiala behar dutela jakitera eman dute; hori eskuratzeko laguntza eskatzen ari dira herriz herri. “Egon daitekeen edozein material jasotzeko prest gaude: argazkiak, soinu grabazioak, bideoak, kontzertuen kartelak, prentsan argitaratutako artikuluren bat, posterrak….”.
Taldea 1976an sortu zenetik 1988an desegin zen tarte horretako materialen bat eduki dezakeen herritarrengana ailegatzea da ekoiztetxearen helburua. “Gure asmoa ezkutuan egon daitekeen material hori argitara ematea da”. Itoiz taldeari buruzko materialaz gain, taldearen aurrekaria izan zen Indar Trabes taldeari buruzko materiala jasotzea ere eskertuko luketela adierazi dute. Materiala duten herritarrei archivo@doxaproducciones.com helbide elektronikora idazteko eskatu dute. Gero eurak jarriko dira pertsona horrekin harremanetan.
Orain arte informazio eta dokumentu asko jaso dituzte, baina argitara eman ez den material gehiago egon daitekeela uste dute. “Mutrikun, Ondarroan eta inguru horretako herritarrek materiala eduki dezaketela ere iruditzen zaigu. Taldeak jarraitzaile ugari izan zituen eremu horretan, eta litekeena da partikularrek bildutako baina argitaratu gabeko materiala edukitzea. Material mota hori lortzea da interesatzen zaiguna. Berdin digu profesionala edo afizionatu mailakoa izatea”.
Larraitz Zuazok zuzenduko du Itoiz udako sesioak dokumentala, eta fikzio zatiak izango dituela aurreratu dute. Doxa Producciones ekoiztetxearen asmoa da 2022ko urtearen bukaerarako 90 minutu inguruko iraupena izango duen lana amaituta edukitzea.