Jaiekin zerikusia duten ekintza eta ospakizunak saihestea eskatu du Markina-Xemeingo Udalak
Jaiak eta ospakizunak bertan behera geratu dira Markina-Xemeinen, gutxienez maiatzaren 9ra arte, tartean domekan ospatuko ziren Aratusteak.
Azken egunetan Markina-Xemeinen COVID-19 kasu positibo kopuruak behera egin badu ere, arduraz jokatzen jarraitzeko deia egin du udalak. Gogora ekarri dutenez, jaiak eta ospakizunak bertan behera geratu dira Markina-Xemeinen, gutxienez maiatzaren 9ra arte eta, beraz, baita domekan ospatzekoak ziren Aratusteak ere. Hori dela eta, jaiekin zerikusia duten ekintza eta ospakizunak saihesteko eskatu du udalak, egoerak okerrera egin ez dezan. “Ezin gara bueltatu oraintsu egon garen egoerara, kutsatze kopuru eta intzidentzia tasa hain altuetara”.
Ardura “guztiona” dela azpimarratu du udalak: “Batetik, ostalariena, euren negozioetan segurtasun neurriak betetzen direla bermatu behar dutelako: %50eko edukiera, mahaien arteko distantzia, higienea… Eta, noski, bezeroena: eserita kontsumitzea, lauko taldeak gehienez, maskara erabiltzea, distantzia… Guztiona da indarrean dauden neurriak betetzeko ardura, berriro ere ostalaritzaren sektorea kaltetu dezakeen neurririk hartu beharrik egon ez dadin”.
Jakitera eman dutenez, udala ostalaritzara bideratutako hirugarren diru laguntza zuzenak ordaintzekotan dago, eta terrazak ixteko eta negurako babesteko laguntzak ere emango ditu. “Dena den, laguntza guzti horiek ez dira nahikoa izango guzti-guztiok arduraz jokatzen ez badugu”.
Orain lehentasuna herritarren osasuna dela nabarmendu dute. “Osasuna zaintzen badugu, beste guztia ere norabide onean bideratu ahal izango dugu, baita bizi dugun egoera ekonomiko larria ere. Etorriko dira garai hobeak. Bitartean, arduraz eta zorrotz jokatzea eskatzen da”.