Legebiltzarrean egon dira Iruña-Veleia Gose Greba Taldekoak
Eduki duten erantzunagaz "oso pozik" daudela azaldu du Jose Mari Lejardi 'Gabixola' talde horretako kide markina-xemeindarrak.
Iruña-Veleia auzia aztertu zuten atzo goizean [otsailak 10] Eusko Legebiltzarrean, eta bertan egon zen Jose Mari Lejardi Gabixola Iruña-Veleia Gose Greba Taldeko kidea auzia azaltzeko. Gabixolak jakitera eman duenez, “oso pozik” daude eduki zuten erantzunagaz.
20 minutu eduki zituzten prozesua azaltzeko. Iruña-Veleia auzia zientziaren bidez argitzeko eskaerari atxekimendua eman dieten 150 eragileen zerrenda irakurri zuten lehenengo, eta auziaren berri eman zuten ondoren. “Zientzialari batzuk badaude faltsukeriaren aldekoak, baina beste zientzialari askoz gehiagok kontrakoa badiote, eztabaida laborategietara eraman behar da eta ez epaitegietara”. Planteamendu hori denek babestu zutela azaldu du Gabixolak. “Auzia zientziaren bidez argitzearen proposamenagaz bat egin zuten guztiek, eta, beraz, oso pozik irten ginen legebiltzarretik”.
Euren zeregina amaitutzat ematen du Gabixolak, eta prozesuak bere bidea jarraitu behar duela dio aztarnategia orain bertan aurkitu izan balitz bezala. “Ana del Val Arabako kultura diputatuak aztarnategia ireki eta piezak aztertzeko erabakia hartu zuen, eta horrek bere prozesua eraman beharko du. Guk eskatzen dugun gauza bakarra da ahal denik eta azkarren egitea. Gu azalpenak ematen jarraitzeak jada ez dauka zentzunik, hau guztion ondarea da, ez gurea bakarrik”.
Iruña-Veleia argitzearen aldeko gose greba mugagabea egin zuen Gabixolak, beste lau kidegaz batera Eusko Legebiltzarri gai hau bide zientifikotik bideratzeko eskatzeko, datazioen eta lagin kontrolatuen bidez. 99 egun eta gero, Arabako Aldundiko arduradunekin egindako bileraren ostean, gose greba amaitzea erabaki zuen, plangintza berri bati hasiera emango ziotela agindu zutelako.