Hiru gune publiko erabili ahalko dira Markina-Xemeinen hileta zibilak egiteko
Ordutegi zehatz bat ere ezarri dute. Eskaerak udaletxean egin beharko dira ekitaldia baino 24-48 ordu aurretik.
Hileta zibilak arautzeko ordenantza berria onartu du Markina-Xemeingo Udalak, eta udalerriko hiru gune publiko zehaztu dituzte horretarako: udaletxeko osoko bilkura aretoa, Sagastiguren (Iparragirre) eta Xemeingo udaletxea izan zen eraikineko bigarren solairua, gaur eguneko Musika Eskola. Hala ere, aparteko egoeretan beste lokal edo eramu publikoren bat erabiltzeko baimena eman ahalko dela ere gaineratu du udalak.
Ordutegi bat ere egongo da. Horrela, asteazkenetan 18:00etatik 21:00etara eta zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egin ahalko dira. Hileta zibilak toki horietan egin ahal izateko eskaerak udaletxean egin beharko dira gutxienez, ekitaldia egin baino 24-48 ordu aurretik eta ordenantzak jasotzen dituen baldintzak beteta.
Udalak onartu duen ordenantzaren xedea udal espazioen erabilera arautzea dela azaldu dute: “senitartekoek, taldeek edota erakundeek aukera izan dezaten beren hildakoak agurtzeko eta, bide batez, herritar ororen arteko berdintasuna sustatzeko”. Esan dutenez, gaur egungo gizartearen aldarrikapen bati erantzutea izan da udalaren asmoa: “ospakizunak norbere printzipioen arabera egin ahal izatea, norberaren erlijio sinesmenak edozein izanda ere”.
Erakundeek norbanakoen ideologia, kultura eta erlijio askatasuna bermatu behar dutela dio udalak, eta udalarena dela “gizartearen beharrizan eta aldarrikapenei erantzuteko eskumena eta erantzukizuna”.
Herritartasun batzordean landu ostean urriaren osoko bilkuran eman zioten hasierako onespena hileta zibilen gaiari, eta abenduaren 29tik dago indarrean araudi berria. Ordenantza eratzeko beste herri batzuetako ereduak aztertu dituzte.