Hiru lagun atxilotu dituzte Mutrikun, 1.750 marihuana landare landatzeagatik
Ertzaintzak jakitera eman duenez, atxilotuek 38, 43 eta 45 urte dituzte. Ibiri auzoko Tanger baserrian atzeman zuten marihuana plantazioa.
Ertzaintzak martitzen [otsailak 16] goizean atxilotu zituen hiru gizonezkoak, droga trafikoarekin lotutako delitua leporatuta. Ertzaintzaren patruila bat Mutrikuko Ibiri auzoko baserri baten aurretik igaro zenean harritu egin zen argindar sorgailu bat etengabe martxan zegoelako. “Agenteei deigarria iruditu zitzaien, zarata handia ateratzen zuelako. Horrez gain, adierazitako eraikinetik marihuana usain handia zetorrela ere iruditu zitzaien. Horren aurrean, agenteek basera deitu zuten eta beste patruila batzuen laguntza eskatu zuten baserria miatzeko. Bertara agertu ziren hiru gizonezkoekin ere berba egin zuten, eta horiek etxea alokatuta zutela esan zieten agenteei”.
Beste hainbat patruila bertaratu zirenean, eta arduradunak baserrian sartzeko baimena eman zuenean, hazkunde fase ezberdinetan zeuden 1.750 marihuana landare aurkitu zituzten ertzainek; 1.220 landare lehenengo solairuan zeuden eta beste 530 ganbaran, “era horretako instalazioek behar izaten dituzten elementu guztiekin eta funtzionamendu betean”. Hori horrela, ertzainek atxilotu egin zituzten plantazioaren ustezko ardunadunak, droga trafikoarekin lotutako delitua leporatuta. Ondoren, ertzain etxera eraman zituzten.