Lekeitioko Mendieta ontziola egonkortzeko lanak hasi dituzte
Momentu honetan eraikinaren eskuin oin nagusiak mugitzeko beharrezkoak diren atariko lanak egiten ari dira, eta datozen egunetan egingo dituzte eraikina mugitzeko lanak.
Mendieta ontziola euskal kostaldeko itsas ondarearen azken aleetako bat da. Joan den mendeko 90. hamarkadaren hasieratik ez da erabiltzen, eta bere egoera okertuz joan da osorik hondatzeko arriskuan egoteraino. Ontziola izatez, zurezko estalki bat da, langileak euritik babesteko pentsatua, eta lau aldeetatik zabalik dago. Daukan egitura sinple hori dela eta, denbora guzti honetan sortzen joan zaizkion deformazioak gelditzeko errefortzu batzuk besterik ez dituela behar izan jakitera eman du Lekeitioko Udalak. “Esku hartze txiki horiek moteldu egin dute eraikinaren narriadura, baina ez dute eragotzi eraikinaren elementu guztiak deformatzerik”.
2017. urtean egonkorgailu bat jarri zuten, elementu nagusietako deformazioek jarraitu ez zezaten. “Egurrezko barrak eta pilareen kokapena finkatzen zuten metalezko kableak zituen”. Baina, egonkortze lanak 2020an hasi zituzten. Lehen fasean zurezko aldamio bat eraiki zuten, 2017an egindako lanak sendotzeko. Aldamio horren helburua, lan baldintza hobeak eskaintzeagaz gainera, ontziolako zaharberritze obretara bisita gidatuak antolatu ahal izatea dela jakitera eman dute, eta baita egituraren elementu nagusietako batzuetan zuzenketa mugimenduak egiteko besteko zurruntasuna lortzea. “Mugimendu horrek eraikinak arrazoizko egonkortasuna eduki dezan pentsatuta daude, egitura gutxi batzuk bakarrik zuzenduko baitira, pilare nagusienak, eta ez erabat”.
Azaldu dutenez, hurrengo fasean zurezko elementuak konpontzea dute asmoa. “Egituraren elementu nagusi eta bigarren mailako guztiak eta estaldura elementu guztiak kontserbatuko dira, hala nola taulak eta tarimak. Teila desmuntatu egingo da, egitura berreskuratu ondoren berriz jartzeko”.
Egitura arazoak. Jatorrizko egituraren arazo guztiak ez dituztela konponduko argitu du udalak: “Zaharberritzea bukatu eta eraikinaren jatorrizko elementuak errespetatu ondoren, jatorrizko egituraren arazoak izaten jarraituko du, izan ere, hori guztiz konpontzeak eraikinaren egitura erabat aldatzea susposatuko luke”. Hori dela eta, egonkorgailu bat jartzea pentsatu dute, “zutabe nagusiei behin betiko posizioan eusteko eta eraikinak historian zehar etengabe izan dituen mugimenduen prozesua berriro ez hasteko”.
Egonkorgailua ondoko nabe batean sartuko dute, eta nabe nagusia libre utziko dute bere jatorrizko erabilerarako prest: ontziak eraiki edo zaharberritzea. Egonkorgailua egongo den ondoko nabe horren erabilera berriz, eraikinari balioa ematea izango da; bisitariek bertara sartzeko aukera edukiko dute etorkizunean.