Mikel Odriozola Gojenola: "Kutsatzeak jaisten dira harreman sozialak mozten direnean"
COVID-19ak zalantzak eragiten ditu jendearen artean. Mikel Odriozola Markina-Xemeingo Osasun etxeko zuzendariarengana jo dugu horiek argitzeko.
Zein da maskararen erabilera egokia eta ze motatakoak erabiltzea komeniko litzateke?
Maskaren erabilera nagusia ez da gu babestea, biztanleria guztia babesteko dira. Denok erabiltzen badugu, kirurgikoagaz soberan daukagu. Oihalezkoen gaitasuna txikiagoa da, eta aspaldian agertu diren sarezkoek ez dute ezertarako balio. FFP2 eta protekzio altuagoa dutenak norbera babesteko dira gehiago; gaixo kronikoa dutenentzat, zaurgarriak direnentzat edo maniobra sanitario arriskutsuetan ibiltzen garenontzat dira egokiak. Bestela, gehienok kirurgikoa erabili beharko genuke, baina egoki: sudurraren gainetik eta okotzaren azpitik, ez eskuturrean eta ez kokotean.
Zeintzuk dira kutsatzeak saihesteko gakoak?
Ezagunak dira, eta ez dira konplikatuak: maskara erabili, eskuak garbitu, distantzia zaindu, jende asko dagoen tokira ez joan, ahal bada beti jende berdinagaz ibili eta bilerak ahal denik-eta gehien saihestu. Kutsatzeak jaisten dira harreman sozialak mozten direnean.
Kutsatze gehienak non ematen diren badakizue?
Nahikoa argi egon da Gabonetako kutsatze gehienak familia bileretan eta etxe barruetan egon diren bileretan gertatu direla. Lehen olatuan ere, kutsatzeak beharreko zentroetan edo bazkari ospakizun eta ezkontzetan izaten ziren, jende asko batzen denean toki batean, eta batez ere tokia zarratua bada errazagoa da gertatzea. Aire librean kutsatzea posible da, baina aukera gitxiago daude, eta distantziak zainduta, aukerak asko jaisten dira.
“Kasua baieztatu denean, sintomak hasten direnetik hamar egun egon behar da gutxienez pertsona bat isolatuta. Etxetik ez irteteagaz gain, etxeko beste bizilagunekin ere ez da egon behar”
Noiz deitu behar da osasun etxera, ze sintomekin?
Gripearen antzekoak dira: sukarra, buruko mina, eztarriko mina eta mukiak. Gradu kontua ere bada. Nik daukadan apur honengatik deitu egin behar dut?. Horrelako kasuetan irizpide medikuak barik irizpide epidemiologikoak hartzen dira kontuan; joan den 15 egunean ez bada kasurik egon eta buruko mina badaukazu, seguruenik estresarena izango da, baina zure herrian pila bat kasu badaude, edozein sintomagaz, hobe da, badaezpada, kontsultatzea. Guk deitzera animatzen dugu.Nahiago dugu 100 PCR alperrik egin positibo bat kanpoan lagatzea baino.
Berrogeialdiak ere zalantzak eragiten ditu. Nork egin behar du, zenbat denbora?
Kasua baieztatu denean, sintomak hasten direnetik hamar egun egon behar da gutxienez pertsona bat isolatuta. Etxetik ez irteteagaz gain, etxeko beste bizilagunekin ere ez da egon behar, etxean bere gelan egon behar da, eta ahal bada bere bainugela erabili, eta etxean irteten duenean maskara erabili. Eta gero dago berrogeialdia. Zure inguruan kasu positiboren bat egon bada eta zu begiratzeko bazaude kontaktua zarelako, berrogeialdian egon behar duzu; hurrengo hamar egun egoten dira kontaktuak berrogeialdian. Eta gero, kasuistika desberdinak daude. Baieztatutako kasu arinei dagokienez, hamar egun eta gitxienez hiru egun sintoma barik. Baldintza biak bete behar dira, kasu batzuetan sintomak luzatu egiten dira, eta isolamendua luzatu egiten da. Ez dute behar izaten bigarren PCRrik behin positibo emandakoan. Berrogeialdian daudenentzat zaildu egiten da kontua. Kasu positibo bategaz azken kontaktua eduki denetik hamar egun izaten dira, baina askotan gertatzen da etxe batean positiboa egoten dela hamar egun eta bizikidea hogei. Kasu bakoitza ikusi behar da, baina guk esaten diegu zer egin. Gutxienez hiru egunetik behin deitzen diegu denei, txartoago daudenei gehiagotan.
Positibo bat etxean dagoenean, zer da zaindu behar dena?
Garbitasun asko behar izaten da, kontakturik ez edukitzea, ikutzen den guztia garbitzea, bere gelatik kanpora dagoenean eskularruekin badago hobeto, etxea ondo aireztatzea eta distantziak zaindu eta elkarregaz ez egotea. 60 gradutan birus hau inaktibatu egiten da, lixiba, alkohol eta jaboiek inaktibatu egiten dute. Gutxieneko garbitasuna nahikoa da. Izan ere, ez da probatu gauzak ikutzearren kutsatzeak egon direnik, gehiago egon dira elkarregaz egotearren.
“Hau gaixo globala da, eta gu immunizatzen bagara, baina Afrika guztia immunizatu barik badago, hemen dagoen jende mugimendu guztiagaz, ez dugu lortuko gaixotasuna geldiaraztea”
COVIDa pasatuta, berriro kutsatzeko arriskua dago?
Egon badago, baina oso txikia. Munduan 2 milioi kutsatze daude baieztatuta, eta 20 berrinfekzio demostratuta. Berriz kutsatu direnen sintomak oso arinak izan dira gainera.
Txertoa hartzeak gaixotasunaz kutxatzea eragozten du?
Eraginkortasuna %95ekoa dela esaten denean da horrek bost pertsonak kutsatu ahal direlako, eta positibo ematen dute. Halere, txertatuta zeudenak eta kutsatu direnak ez dira larriki gaixotu. Hau da, babes gehiago ematen du ez bada %100ekoa ere, eta kasu larriak saihesten dira asko. Lortzen bada populazioaren %70 txertatuta egotea transmisioa eteten da. Gauza epidemiologiko bat da; ez badago jende nahikorik kutxatu daitekeena txertatutakoak asko direlako edo gaixoa pasatu duen jendea dagoelako, transmisio komunitarioak eta kutsatze kateak eten egiten dira, eta ailegatzen da momentu bat gaixotasuna desagertu daitekeena, nafarreriagaz gertatu zen moduan eta poleoagaz ia lortu den modura.
Erritmo honetan, noiz lortu genezake talde immunitatea?
Zerikusi handia dauka industriaren hornidurak, ze politika erabiltzen diren, eta garrantzitsua da bai eta ere kontuan hartzea gure txertaketa erritmoa ez dela garrantzitsua bakarrik, mundu osoko txertaketa erritmoa kontuan hartu behar dela. Hau gaixo globala da, eta gu immunizatzen bagara, baina Afrika guztia immunizatu barik badago, hemen dagoen jende mugimendu guztiagaz, ez dugu lortuko gaixotasuna geldiaraztea. Hain zuzen ere, honetan elkartasuna komeni zaigu, denok txertatuta egotea denok babestuta egoteko. Txertaketa oso ondo hasi zen, gero freno bat egon zen, eta orain berriro pixkat bizkortu egin da. Enpresa farmazeutikoak euren artean lehian ari direnez, itxaropena daukat ailegatuko dela momentu bat kopuru handiagoa egongo dena eta erritmoa bixkortuko dena, eta udarako lortuko dugu nahikoa jende txertoa emanda edukitzea.